Itsasoa
Glisseguna 2010 Itsasoa eta euskara, bi lagun zahar
Irailaren 19an Glisseguna ospatuko da Angelun, euskara eta itsasoa uztartzen dituen ekimen paregabea.
Haritz Larrañaga Altuna
Datorren irailaren 19an Glisseguna ospatuko da Angeluko Zaldunen hondartzan. Euskararen erabilera bultzatzeko Seaskak antolaturiko ekimen bikaina da. Iparraldeko eta Hegoaldeko surflariak batu eta giro ezin hobean jarduteko aukera paregabea. Aurtengoa zortzigarren edizioa izango da.
HASTAPENAK
2000. urtean egin zen inkesta soziolinguistiko baten emaitzen harira erabaki zen Gisseguna antolatzea. Inkestaren arabera, Iparraldeko gazteek euskara antzinako hizkuntza bat bezala ikusten zuten, zaharkitua eta eguneroko behar komunikatiboei erantzuteko ezgai. Gazteen euskararekiko ikuspegi ezkorrak arduratuta, guraso talde batek zerbait egin beharra zegoela erabaki zuen. Gazteei euskararekin eguneroko edozein arlotan jardun daitekeela erakutsi beharra zegoen, baita puntako kirolean ere. Horrela otu zitzaien Lapurdiko kostaldean oso hedatua dagoen surfa tresna gisa hartu eta gazteak biltzeko egun bat antolatzea.
Surf egiteko Europa osoan den itsasbazterrik onenetakoa aukeratu zuten topaleku gisa: Angeluko hondartza. Bertako surflariekin harremanetan jarri eta horrela antolatu zuten lehen Glisseguna.
BILAKAERA
Izenak ere eman zuen zeresanik. Hasiera batean eguna «euskarabiada» izenarekin bataiatzekotan izan ziren, euskara eta olatuaren gainean labaintzeak sortzen duen abiada hitz bakarrean lotu asmoz. Aldiz, izena luzeegia zen. Azkenean, «glisseguna» izena jarri zioten ekimenari; alegia, «irrist egiteko eguna». Izena laburragoa eta ulerterrazagoa zela erabaki zuten. Orduz geroztik, izen horrekin antolatu dira topaketak.
Lehen urteetan surfa bakarrik ikus zitekeen. Gerora, alokatutako skate arrapalak ere jartzen hasi ziren. Egun, egitaraua oso zabala da jada. Iaztik jaia hartzen duen lekua ere aldatu egin da; Angeluko skate pistaren ondoan ospatzen da jaialdia, eta, bertan, surflariak, skaterrak, rollerrak, hawaiiar piraguan arraun egiten duten kideak, sorosle taulekin dabiltzanak, itsas jardueren berri ematen duten informazio guneak... ikus daitezke.
Bi aste lehenago ere bada ekimenik. Hala, surf egiteko zailtasun fisikoak dituzten haurrak biltzen dituzte Hendaian, eta, ahalmen urriko haurrekin lan egiten duen elkarte baten eskutik, itsasoratzeko aukera eskaintzen zaie. Angeluko olatuak indartsuegiak direnez, ekimena Hendaian egiten da, bertako hondartza askoz egokiagoa baita horrelako ikastaro bat egiteko.
HELBURUAK
Ekimenaren hastapeneko helburu nagusia gazteak bildu eta euskara edozein arlotan erabil daitekeen hizkuntza dela erakustea bazen ere, baziren askatu beharreko bestelako korapilo eta aurreiritziak ere. Esate baterako, barnealdeko gazteek surfa bezalako kirolekiko zuten jarrera ezkorra. Badirudi surfa ez dela barnealdeko jendearentzako kirola, soilik kostaldeko turistek eta atzerritar modernoek egiteko kirola dela. Ideia horrekin ere hautsi beharra zegoen euskara arlo guztietara zabaldu nahi bazen eta ekimenean denetariko jendea bildu nahi bazen.
Ekimenak bazuen beste helburu bat ere. Hegoaldeko zein Iparraldeko surflariak bildu nahi zituen, harremanak eta komunikazio hobeago batek euskararen indartzea suposatuko bailuke, eta, azken finean, hori baita lortu nahi dena, euskara indartzea. Gainera, surfari dagokionean, arlo honetan erabili ohi diren euskarazko hitzak urriak dira; hitz gehienak erdarakada hutsak dira, ingelesetik, frantsesetik edo gazteleratik hartutako hitzak. Batzuetan, Euskal Herriko kostaldean zehar, hitz desberdinak erabili ohi dira gauza bera adierazteko. Beste helburu bat, turismoak euskararen erabilera ezabatzen duen inguruneetan gure hizkuntzaren presentzia bermatzea zen, eta, horretarako, zein Angelu baina leku hobeagorik?
ANGELU
Angeluko hondartzak Euskal Herrian iparralderen dauden hareatzak dira; izan ere, ostean Landak hasten dira. Gainera, oso ezagunak dira munduan zehar. Bertako olatuen irudiak surfeko aldizkarietan eta filmetan behin eta berriz agertu dira, aukera asko ematen dituen kostaldea baita: olatu mota asko eskaintzen ditu. Baina, olatuez gain, Biarritzekiko gertutasunak eta ingurunearen edertasunak oporretarako leku ezin aproposagoa bilakatzen dute Angelu, eta, horrek baditu bere ondorioak, turistifikazio masiboa kasu.
Angeluko hondartzen fama ez da oraingoxea, ordea, aspalditik dator. Angeluko hondartzak ezagunagoak egin zituen kondaira harrigarri bat ere bada. Dirudienez, oso ezaguna egin zen amodio istorio erromantiko batek arrakasta itzela izan zuen Erromantizismoaren garaian. Istorioak hezurretaraino maitemindutako bi gazteren kondaira kontatzen du. Ezkutukoak egitera sartu omen ziren San Martingo muturrean dauden haitzuloetako batetara. Horma horien bestaldean Biarritz dago, eta, horma beraren muturrean, berriz, postaletan ageri den itsasargia. Itsasoak gorantz egitean, haitzuloan harrapatu omen zituen bi maitaleak eta han eman zuten amodiozko azken arnasa. Napoleon I.a eta Josefina, ipuinak hunkituta, Angelura bertaratu omen ziren, kondairaren agertokia zuzenean ezagutzera. Istorio hori buruan bataiatu zuten Biarritz osteko lehen hondartza: Chambre d'Amour.
Angelun, ordea, hondartza ugari aurki ditzakegu Biarritzen eta Aturriko ibai ahoaren artean. Horietako bat Zaldunen hondartza da (Les Cavaliers). Mundu mailako txapelketa ugari hartzen ditu, eta, ondorioz, maila handiko surflariak erraz topa daitezke bertako olatuetan.
TAG TEAM
16 urte arteko txapelketa eta neskena ohiko formatuan egiten dira. Lau kideko txandak egiten dira, lehiakideen bi olatu onenak puntuatzen dira, eta, ostean, txanda bakoitzeko bi surflari onenak hurrengo txandara igarotzen dira. Puntuaketa irizpideak ere ohikoak dira.
Kategoria irekian, ordea, txapelketa eredua ez da ohikoa. Izan ere, Tag Team formatuan egiten da; hau da, taldeka.
Lau kideko taldeak osatzen dituzte, talde bakoitzak likra kolore ezberdin bat izaten duelarik. Taldea nahi bezala osa daiteke; Iparraldeko eta Hegoaldeko surflariak talde berean aritu ohi dira, baita sexu eta adin desberdinetako lagunak ere.
Txanda ordubetekoa izaten da, itsasoaren egoera tarteko denbora gehiago ezartzen ez bada behintzat. Kide bakoitzak hiru olatu harrapatu behar ditu; hiru olatu horietatik puntu gehien jasotzen dituena aukeratzen da. Gero, kide bakoitzaren puntuaketa onenaren batuketak erabakitzen du irabazlea nor den. Horrez gain, talde bakoitzak taldeburu bat hautatu behar du; taldeburu horrek harrapatzen dituen hiru olatuetako batean eskuak jaso behar ditu olatu horren puntuaketa bikoitza izan dadin. Ikuskizun polita izaten da; izan ere, batzuetan taldeburua eskuak jaso gabe eror daiteke, edo olatu txar batean eskuak derrigor jasotzea ere gerta daiteke.
Egitarau zabal eta interesgarria, beraz. Hegoaldeko eta Iparraldeko surflariak biltzen dituen ekimen aparta. Itsasoa eta euskara uztartu eta egun bikain bat giro ederrean igarotzeko aukera ezin hobea. Badakizue, hartu satoa eta ogitartekoa eta hurbildu Angelura, eta satorik edo ogitartekorik hartzerik ez baduzue, lasai, talo gozoak, ogitartekoak eta edari freskoak ez dira faltako-eta!
2000. urtean egin zen inkesta soziolinguistiko baten emaitzen harira erabaki zen Gisseguna antolatzea. Inkestaren arabera, Iparraldeko gazteek euskara antzinako hizkuntza bat bezala ikusten zuten, zaharkitua eta eguneroko behar komunikatiboei erantzuteko ezgai.
Taldekako lehia
Txapelketa eredua ere ez da ohikoa: taldeka egiten da. Lau pertsonek osatzen dituzte taldeak eta horietan Iparraldeko zein Hegoaldeko surflariak nahastu ohi dituzte, baita neskak eta mutilak ere. Ikuskizun polita izaten da, eredu oso dinamikoa baita.