GARA > Idatzia > Ekonomia

Erretreta sistema «elkarkidea» exijituko du LABek Baionan

Oraingoan LABek deituta, mobilizazio berri bat izanen da larunbatean Baionan erretiro «justu eta solidarioa» bermatuko duen sistema aldarrikatzeko. Krisia «aitzakia» hartuta, bi estatuek «inposatu» nahi dituzten erreformekin «egoeraren zama langileen bizkar» jartzen dutela salatu du LABek. Sindikatuaren ustez, soilik greba orokorrak atzeraraziko ditu asmo horiek.

p024_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA

«Madril eta Paris, gizartearen ongizatea bermatu beharrean, sektore eta zerbitzu pribatuen mesederako» ari direla berretsi zuen, atzo, Baionan, LABek. Jabi Garnika idazkariordearen esanetan, «biak ala biak jakitun dira inposatu nahi dituzten erretiro pentsioen murrizketek ez dutela krisia konponduko». Halere, langileen eskubideak eta babes soziala «lumatzen» segitzen dutela salatu zuen, «botere finantzarioen menpeko eta haien aldeko dinamiken sustatzaile» izatea leporatuta.

«Interes politiko jakin batzuk tarteko, ez dira inoiz hainbat jokamolde zalantzan jartzen, esaterako, Armada, Polizia edota Errege-etxeari onartzen zaizkien diru-partidak» gaineratu zuen, egun sindikatu abertzaleak lehentasunez lantzen ari den lau aldarrikapenak aipatu aitzin.

Etorkizunerako bermea

Lan ildo horietan, lehenik eta behin, bi estatuen «inposaketa» arbuiatzen du LABek. Bigarrenik, euskal langileei dagozkien erabakiak Euskal Herrian hartu behar direla gogoratzen du. Halaber, sistema publiko orekatua garatzeko premia aldarrikatzen du, eta, azkenik, erretreta sistemak «bidezkoa eta elkarkidea» izan behar duela dio, «soilik era horretan bermatuko baita etorkizunean guztiok bizi-baldintza duinak izatea».

Geronimo Prieto Ipar Euskal Herriko LABeko ordezkariak, berriz, jendartean hedatzen ari diren «mezu faltsuak» ekarri zituen gogora: «Dirurik ez dagoela, populazioaren zahartzeari ezin zaiola aurre egin eta abar diote. Orain artean funtzionatu duen belaunaldien arteko ituna arrisku gorrian jartzen ari dira, bakoitzak bere aterabide pertsonala bilatu dezan esparru pribatuan, jakina».

LABek erretiro elkarkidearen sistema publikoa bermatzeko proposatzen dituen neurriak azaldu zituen. Horien artean, erretiroa 60 urterekin (55 urterekin lan nekosoentzat) hartzeko eskubidea; pentsio osoa ukaiteko kotizazio epea 37,5 urtekoa izatea; enplegu-tasa emendatzea kotizazioak ere emendatzeko; ugazabei onartzen zaizkien hobari eta salbuespenak deuseztatzea edota pentsioaren kopuruaren kalkulua sei hilabete hoberenetan oinarritzea, betiere, erretiro minimoak 1.500 eurokoa beharko lukeela argi utzirik.

Greba orokorrerantz urratsa

Hori guztia aldarrikatzeko, datorren larunbatean, arratsaldeko 5etatik goiti, Baionako Lan Burtsan hasi eta Herriko Etxean amaituz, manifestazioa egingo du LABek «Inposaketarik ez! Erretreta sistema justu eta solidarioaren alde» lelopean. Prietok nabarmendu zuen manifestazioa «greba orokorra eraikitzeko bidean urrats berri bat» izatea nahi dutela, «greba orokorra baita, gure ustez, gobernuen asmoak atzerarazteko modu bakarra».

Ekimen propioez gainera, LABek hainbat kolektibotan parte hartzen duela ere gogorarazi zuen, hala nola, Appel Retraites Pays Basque eta Oldartun.

Diputatuak interpelatzeko, elkarretaratzeak UMPren egoitzetan

Erretiroa erreformatuko duen legearen lehen bozketa gaur egingo da Asanblea Nazionalean. Une hori «borrokaren beste etapatzat» hartuta, sindikatu nagusiek euskal diputatu eta senatariak interpelatzeko baliatu nahi dute.

Horrela, UMPko egoitzen aitzinean elkarretaratzeak egingo dituzte gaur, 17.30ean, zehazki Biarritzekoan (Gare du Midiren atzean) eta Ziburukoan (Daniel Poulouk Postetxearen ondoan duen egoitzan).

Kalera irteteko hurrengo hitzordua, berriz, astebete barrurako finkatu dute. Horrela, CGT, CFDT, CFTC, FO, FSU, UNSA eta Solidaires sindikatuak, irailaren 23an, ostegunarekin, berriro Baionako karriketan izango dira. Deialdi bateratuetatik baztertzen segitzen duten arren, LAB ere bertan izanen da. A.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo