Juan Luis Mugertza | Berango
Bakea eta askatasuna
Ez da erraza izango, baina bakearen musika gero eta ozenago entzun ohi dugu. Bai, aspaldiko partez, bakea ate-joka dabil gurean, baina ez bakarrik; askatasunaren eskutik helduta etorri zaigu eta horrek ez dio batere lagunduko bakezale askoren etxean sartzen. Dagoeneko, bat baino gehiago behatxulotik begira dago urduri, ea nor izan daitekeen ordu hauetan. Dirudienez, beldurra diote atea zabaltzeari, ezezagunari. Guztiok nahi dugu bakea, baina bakeak aldaketa dakar eta horrek dardarizoa eragiten dio bakezale askori. Interes handiak dituzte apopilo berriak etxean hartzeko. Alderdi eta intelektual askok oso jarrera erosoa hartu dute urte askotan orain bat-batean aldatzeko: mundua terroristaz eta demokrataz dago osaturik. Bitxia bada ere, lehenengo taldekoek bakea nahi izan ohi dute, besteek ez bezala.
Bakeak eta askatasunak badakite ez dutela aise izango. Horregatik, etorri dira gurera bestelako Euskal Herria egiteko. Ezkerra hortxe dago, hori ezin ukatu, aurrerakoiak hortxe daude; orain, bestelako moldeak erabili behar ditugu ziklo berri honetan aurrera egiteko, herri dinamika bultzatzeko, gogoa pizteko. Bakea ez da negoziatzen; aldaketarako gogoa badago, zehazten da.