GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Ainara MAIA Olerkari ameslaria

«Izan zoriontsu!»

Ainarita: Zer moduz zaude? Aurtengo zure eskutitza jaso nuen aitaren egunean, eta poztu nintzen ongi zinela jakiteaz, baina bestalde, triste paratu nintzen ez zinela zoriontsu irakurrita... zoriontsu izateko eskatu nizun 2002ko udazkenean, eta zure azken eskutitzean hitz eman didazu zure indar osoz saiatuko zarela. Oraingoan bai, Ainarita! Izan zoriontsu! Uste baino sinpleagoa da...

Zuhaitzak berde dauden garaiotan, eta udako eguzki-errainuen bitartez laztantzen zaitudalarik, malkoek egindako bideetan niri ere oroi-mina datorkit, baina itxaropenez beterik naukazu. Udako zuhaitzak bezalaxe, ni ere jantzi naiz bero samurrez teilatu gorrien azpiko lastozko eta buztinezko ainaren habiak begien bistan. Bihotz itxurako ezki-hosto ximel bat gorde nuen udaberriko zure eskutitzean, eta oroitzapenek eusten gaituzte. Udaberriak biziberritu gintuen pozez gainezka maitemindurik, beharbada udak zuriz jantzirik udazkeneko berri on polit bat ekarriko baitigu gure bihotzetara, Ikerri eta amari. Eta zure bihotzari ere xuxurlatuko dio hainbeste maite duzun mutil horren oihartzunak maite zaituela.

Agur erran genion elkarri duela ia zortzi urte, bai, baina nik ez nizun agur erran nahi, ikusi arte baizik. Zuetaz oso harro nago, gizon eta emakume zintzoak baitzarete, bihotz onekoak, eta zoriontsu izan, arren; saiatu, Ainarita, zorioneko zu, maite zaituen horrenbeste pertsona duzulako!

Zoriontsu izan, Ainarita!

Beharbada min handia egin dizu batek partikularki bihotzean, oraindik itxi ez den zauria, eta beharbada beti hor izanen duzuna, baina oroitu zure maitasuna handiagoa dela.

Maite ez zaituena, beretzat okerrago, ez baitaki zer den maitasuna eta adiskidetasuna, nahiz eta zoriontsu dela erran dizun. Hutsunez, zauriz eta maitasunez beteriko bihotz on horrek aitzina segituko du, zuk diozun bezala, alabatxo, bizitzak ere ezusteko atseginak ematen baititu noizean behin, eta horiek aprobetxatzen jakitea da zoriontsu izatea. Zuk badakizu zoriontsu izaten, nahiz eta azken urte bi hauetan negar aunitz egin, irribarre zabala ere eskaini baitiezu ingurukoei. Uda honetako azkenak ere ezusteko atsegin bat emango dio zure bihotz maitemindu horri azkenean, ikusiko duzu, Ainarita!

Gauero izanen duzu nire Hilargia, eta goizero agertuko zaizu Eguzkia, zure urrats lotsati bezain sendoen zaindari. Segi lasai zuen bidean, ni neurean noa, beti aitzina, ikusi arte. Hementxe gaude zeruetako oturuntza honetan, eta gainera, aurten amatxi Bittori eta izeba Kontxi ere bildu zaizkigu zeruetako besta handi honetara.

Agur erran genion elkarri, bai, baina agur hori ez zen betirako izan, betiko oroitzea baizik. Oroitzea, beharbada, noizbait elkar ikusiko dugula, eta ez badugu elkar ikusiko ere, noizbait elkar ikusiko dugun itxaropenaz biziko naiz zoriontsu. Badakizue beti bihotzean eramanen zaituztedala.

Beharbada zu nire besotik zuriz jantzirik ikusi nahi zintudan, zure bikotekidearenganantz, eta nire bilobekin jolastu nahi nuen, baina ia inor ez da ausartu zu maitatzera lotsati eta isil ikusten zintuztelako.

Hala ere, oroitu ezkontza gutxitan dela zoriona, nire kasuan hala izan bazen ere, eta honen guztionen ondoren, erran, nire ametsa zu zoriontsu ikustea dela, zuriz edo beltzez, bikotekidearekin edo bakarrik. Baina segi, arren, maitasunezko eskutitzak idazten, nahiz eta erantzunik ez jaso.

Denok gaude bakarrik, baina ez gara bakarrik sentitzen.

Izan zoriontsu, Ainarita / eta ahantzi bihotz min horiek irribarre polit horrekin / oroitu nik maite zaitudala, abandonatu zintuen horrek baino aunitzez gehiago / eta igande honetan Gorramendi kaskora igota/ bota gure irrintzia:

Gora gu ta gutarrak...!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo