GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Azken emaitza inposatuz eta parte baten alde esku hartuz, negoziazioa beste 20 urterako

Palestinarren eta israeldarren arteko aurrez aurreko negoziazioak atal berria izan du Sharm El Sheikeko bileran. Atzoko saioa Israelek kolonoen kokalekuen eraikuntzan moratoria mantenduko duen ala ez argitzeke bukatu zen. Negoziazio prozesuek bere-berea duten impasse egoeran, alegia. Palestinarrek bermea (kolonien gaineko moratoria) eskatzen dute eta israeldarrek inolako aurrebaldintzarik ez jartzea, negoziazio estrategia ezaguna erabiliz: akordioaren muina inposatzeari ez utzi, negoziazioaren azken emaitza baldintzatzeko. Eta bereganatzeko. Palestinarrek ultimatuma eman dute, kolonizazioak jarraituz gero, negoziazioa bertan behera geldituko dela adieraziz. Baina, sarri, negoziazioaren testuinguruan, ultimatuma kontzesio berriak egin aurreko azken oharpena izan ohi da. Azpimarratzekoa da, bestalde, AEBen parte hartzea. Negoziazioa erraztu baino neutroa ez den agenda inposatzen baitu. Mugez eta lurraldeaz hitz egitea nahi du, era horretan, kolonizazioaren gaia mahaitik kentzeko. Baten beharra bestearen xedearen kaltetan lehenetsiz. Parte baten alde eginez. Bi hamarkadaz, munduan hiriburuz hiriburu luzatu den negoziazio prozesuak, joko-arau horiekin, ez du akabera justurik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo