Ramón de la Sota, Bilboko euskaldunatik Saguntora
«El hacedor de realidades» dokumentala aurkeztuko da gaur arratsaldean Bilboko Guggenheimen, Ramon de la Sota enpresariak 1900 eta 1936 urteen artean siderurgia arloan egindako egitasmoak aztertzen dituena, bere senitartekoen iritziz, Castro Urdialesen jaiotako enpresa gizonak uztartutako lantegien historiaren alderdi ezezagunari buruzkoa.
Ariane KAMIO
Ezaguna da Euskal Herriaren historian eta, batez ere, lehenengo industrializazio garaian, Ramon de la Sotak (Castro Urdiales, 1857 / Getxo, 1936) Bilboko inguruetan eraikitako lantegien bilakaera eta bere enpresari sena. Ezaguna da, batez ere, orain Euskalduna Jauregia dagoen toki berean, 1900. urtean bere lehengusu Eduardo Aznarrekin batera sortutako ontzi-enpresa. Bizkaiko Merkataritza Ganberako sortzaileetakoa eta ontzi-enpresei lotutako familia ezaguneko burua -EAJrekin zuen harreman estuagatik ezaguna, bestalde-, bere enpresa arloko guraria Euskal Herriko mugetatik harago zabaldu zuen XX. mendea hastearekin batera.
Hori da, hain zuzen, «El hacedor de realidades» dokumentalak erakutsi nahi duen alorra. Pedro de la Sota birbilobak zuzenduta, 55 minutuko iraupena duen lanak, batez ere Valentziako eta Aragoiko lurretan egin zuen egitasmo erraldoiari buruzko kontakizuna laburbiltzen du.
Bizkaiko meategiak husten hasi ziren garaian abiarazten du Pedro de la Sotak dokumentala. «Bere helburua Bizkaian lantegi siderurgiko handi bat sortzea zen, baina bertako meategiek ez zuten kasik mineralik ematen eta, gainera, Ibarra familiak, tokiko industriako sendi garrantzitsuak, zailtasunak jarri zizkion bere nahiak betetzeko, beraz, Euskal Herritik kanpora meategi berrien bila abiatu zen», adierazi zuen birbilobak. Bilatze prozesu horretan, Ojos Negrosko (Teruel) meategiak topatu zituen; oso handiak ei ziren, material asko zutenak eta inork oraindik ustiatu gabeak.
Bertatik lor zezakeen lehengaia, ordea, kostalderaino eraman beharra zeukan De la Sotak, eta bertatik munduko edozein bazterretara garraiatu. Horrela, 207 kilometro luze zituen trenbidea eraiki zuen, Saguntoraino (Valentzia). «Guztira, 14 biaduktu eta 18 tren geltoki eraiki zituen bailara eta mendi artean egindako trenbidean. Erokeria zen garai hartan horrelako egitasmo bat egitea, 1900. urteko aurrerapen teknologiko hutsalak kontuan izanda, batez ere», esan zuen. Baina, hala ere, burugogorkeriagatik-edo, bere helburuak betetzearren lan eskerga egin zuen. Behin Saguntora iritsita, azpiegitura guztiak eraiki beharrean ikusi zuen bere burua. «Estatu espainoleko jende ugari joan zen bertara lanera eta, beraz, errepideak, eskolak, hilerria, azoka... sortu behar izan zituen», hots, herri oso bat eraiki zuen, gaur egun Saguntoko Portua dena, 50.000 biztanle biltzen dituena. Lan horietan guztietan, 8.000 lagun inguruk parte hartu zuten, gehienak euskal herritarrak.
Beherakada
Ramon de la Sotari, ordea, nazioarteko egoera politiko lazgarriek ez zioten bere lantegien garapen egokia gauzatzen utzi, nahiz eta Bilboko Euskalduna oso sasoi onean zegoen. Zazpi bat urtetan jarri zuen abian Teruel eta Valentzia elkartzen zituen trenbidea, bai eta bertako enpresak ere. Tartean, ordea, Lehenengo Mundu Gerra, AEBetako 1929ko krisialdia eta Primo de Riveraren diktadura egokitu zitzaizkion, azken hau oso protekzionista, eta De la Sotaren ideologia ekonomikoarekiko mesfidatia.
«Zorte txarra izan zuen eta, gainera, 1936an, hil ondoren, frankismoak hogeita hamar urte atzerago sortutako guztia desjabetu zion», arrazoi politikoak zirela medio. Saguntoko lantegiak eta Ojos Negrosko meategia Francoren esku geratu ziren eta, birbilobaren aburuz, horrek eraman zuen proiektu osoa galerarantz. «Nire birraitonarekin lan egiten zuten euskaldun guztiak kaleratu zituzten, eta materialik txarrenak erabiltzen hasi ziren lanerako». Saguntoko lantegiak 1987an itxi ziren, baina, bere iritziz, askoz lehenagotik hasi ziren galeran.
Izenburua: «El hacedor de realidades».
Zuzendaria: Pedro de la Sota.
Iraupena: 55 minutu.
Estreinaldia: Gaur, 20.00etan, Guggenheimen.