GARA > Idatzia > Mundua

Burokrazia murriztuko du Kubak, eta negozio txikien irekiera baimendu

Kubako Gobernuak ekonomia berrindartzeko eta produktibitatea areagotzeko abiarazi dituen ekimenen barruan, sektore publikoan ari diren 500.000 langile kaleratuko ditu. Bestalde, enpresa pribatu txikiak irekitzeko lizentziak emango dituela iragarri du.

GARA

Gehiegizko burokrazia arintze aldera, Kubak 500.000 lanpostu publiko deuseztatuko ditu datozen sei hilabeteotan. Horrez gain, Raul Castroren Gobernuak, eredu kubatarra «eguneratzeko» saialdiaren barruan, negozio txiki berriak irekitzeko baimena emango du.

Kubako Langileen Zentralak (CTC) eman zuen neurrien berri eta, esan zutenez, «berehala» izango dira indarrean, «2011ko lehen hiruhilabetera arte». Sindikatuak igorritako oharraren arabera, sektore publikoan -uharteko ekonomiaren %95- egingo den murrizketa «modu mailakatu eta progresiboan» egingo da, eta «sektore guztiengan eragingo du».

«Gure Estatuak ezin du langile talde handiegia duten edota ekonomiaren aurrerabidea oztopatzen duten galerak dituzten enpresa edota zerbitzuak mantentzen jarraitu», nabarmendu zuten.

CTCk oharrean argitu zuenez, langile horiek sektore pribatuan, kooperatibetan edota freelance gisa lan egin ahal izango dute.

Egun, 148.000 kubatar inguru dira -biztanleria aktiboa 4,9 milioikoa da- negozio txikiren baten jabe direnak, hala nola ileapaindegiak, taxi-zerbitzua eta jatetxeak.

Raul Castro presidenteak hitza eman du inor ez duela «zoriaren menpe» utziko.

Hori dela eta, Habanako Gobernuaren asmoa 250.000 lizentzia inguru esleitzea da, 120 negozio mota irekitzeko (zapata-dendak, erlojutegiak edo bizartegiak, besteak beste).

2006ko uztailean anaia Fidelen lekukoa hartu zuenetik, Raul Castroren Gobernua Kubako ekonomia berrindartzeko eta produktibitatea -iaz %1,1 erori zena- areagotzeko ahaleginetan ari da.

eskulan falta

Lurren erdia ez-emankorra den eta elikagaien %80 inportatzen dituen uharte honetan, sarri langileak behar izaten dira eraikuntzan, nekazaritzan eta industria alorrean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo