Sokatira Munduko Txapelketa
Goiherri eta Gaztedi izango dira euskal ordezkariak
Euskaldunei oraindik ez diete selekzio bezala parte hartzen uzten, eta gaur eta bihar jokatuko den kluben mailako lehiaketan bakarrik hartuko dute parte.
Jon LEUNDA
Pretorian, Hegoafrikan, jokatuko da gaur hasi eta larunbatera bitarte Lur Gaineko Munduko Txapelketa. Aurten ere euskaldunek taldekako mailan bakarrik hartuko dute parte. Selekzio bezala parte hartzen uzten ez dietenez, kluben mailakoan arituko dira azken ekitaldietan bezalaxe.
Gaztedi eta Goiherri izango dira bertan lehian arituko diren euskal talde bakarrak. Hegoafrika urruti dago, eta krisiak ez du barkatzen; horiek izan dira, hain zuzen ere, bi talde bakarrik joateko arrazoi nagusiak. Joan direnek, ordea, lan ona egin nahi dute, eta dominaren bat edo beste ekartzeko itxaropena ere eraman dute.
Gaztedik eta Goiherrik pisu txikietan dituzte itxaropenik handienak, baita 640 kilokoan ere. Aurtengo berrikuntza 600 kiloko proba mistoa izango da; bertan, izenak dioen bezala, neskek eta mutilek osatutako taldeek hartuko dute parte. Hain zuzen ere, proba horretan arituko da Gaztedi. Laukizkoek talde horrekin probatu zuten Euskal Herriko Txapelketan, eta nahiko gustura geratu ziren egindako lanarekin.
Euskaldunek domina ugari lortu izan dituzte goma gainean, baina ez, aldiz, lur gainean. Munduan zehar lurrak askoz ere indar gehiago dauka, eta talde kopurua askoz ere handiagoa izaten da. Hala ere, Goiherrik orain dela bi urte urrezkoa kolkoratu zuen 560 kilotan, eta gaurkoan pisu horretan zerbait egiteko itxaropena dute.
Jakin badakite ez dela erraza izango orain dela bi urte egindakoa errepikatzea, baina ahalegindu, ahaleginduko dira. Gaztedik ere pisu horretan badu itxaropenik, eta finalerdietara sartuz gero, helburua beteta izango du, nahiz eta behin horra helduta dominak ere ezin diren baztertu. Biek badakite, ordea, lehia handia izango dela, eta finalerdietan sartzea ere ez dela erraza izango. Iaz Europako Txapelketa jokatu zen, eta han ezin izan zuten orain bi urteko emaitzarik errepikatu.
Bihar, berriz, Gaztedi mistoa arituko da 600 kilotan. Bizkaitarrak itxaropentsu joan dira, eta hemen ere finalerdietan sartzea izango dute helburua, gero hortik aitzinera edozer gerta daitekeelako. Goiherrik, berriz, 600 kilotan hartuko du parte, eta hauek ere helburu bera eramango dute.
Erandiokoak eta Laukizkoak izan dira Euskal Herriko Txapelketak izan dituen bi talderik onenak. Gaztedi bikain eta ezustea emanez hasi zen, 680 kiloko txapela jantzi baitzuen. Goiherri zen, ordea, dena irabazteko faborito nagusia, eta handik aurrera argi eta garbi utzi zuen zergatik: geratzen ziren hiru finaletan jaun eta jabe izan zen. Berdeak 640, 600 eta 580 kilotan nagusi izan ziren, beste behin ere denboraldiko talderik onena izanez. Beraz, eta hori kontutan hartuta, garbi dago dominak lortzeko aukerarik gehien beraiek izango dutela.
Egitaraua
Gaur goizean, 9.30ean, hasiko da lehiaketa, eta gizonezkoak 700 kilotan neurtuko dira. Hor ez da euskaldunik arituko. Ondoren, 560 kilotan, juniorrak lehiatuko dira, eta hor ere ez da euskaldunik izango. Jarraian, ordea, gizonezkoen 580 kiloko kategoria lehiatuko da. Bertan, azken orduko aldaketarik ezean, Gaztedi eta Goiherri arituko dira. Eguna amaitzeko, emakumezkoak izango dira 540 kilotan. Saio horretan ere ez da euskal ordezkaritzarik izango.
Biharkoan ere 9.30ean hasiko da lehia. Hain zuzen ere, talde mistoen txanda izango da. Esan bezala, 600 kilotan Gaztedi arituko da. Jarraian, pisu berean, 23 urtez azpiko mutilen txanda izango da, euskal ordezkaririk gabe. Hirugarren proba gizonezkoen 640koa izango da, Goiherri bertan dela, eta azkenik, eta euskal ordezkaririk gabe, emakumezkoak 500 kilotan neurtuko dira. Ostiral eta larunbatean selekzioen txanda izango da, euskal selekziorik gabe.
Euskaldunek jakin badakite dominak lortzea ez dela batere erraza izango. Hasiera batean, Goiherrik izango du aukera gehien 580 kilotan. Orain bi urte urrea kolkoratu zuten pisu horretan Erandiokoek eta aurten ere ilusio horrekin joan dira.