Antzerki tailer eta ikuskizunak bilduko ditu Topa Eszenikak
GARA | DONOSTIA
Antzerki esperimentazioko tailerrak eta ikuskizunak egingo dira Usurbilen bihartik aurrera ospatuko den II. Topa Eszenika topagunean. Horrenbestez, antzerkizale eta antzerkilariei zuzendutako jarduerak izango dira nagusi Gipuzkoako herrian, guztiak ere euskaraz. Horrez gain, herritarrek kalitatezko antzerki lanez gozatzeko aukera ere izango dute.
Topagunea hilaren 16tik 19ra egingo da, Usurbileko Sutegi kultur etxean. Ostiral eta larunbatean antzerkigintzarekin lotutako ikastaroak egingo dira, eta parte hartzeko aurrez eman beharko da izena, gaurkoa delarik horretarako azkenengo eguna. Ikastaroak 16.00etatik 19.30era egingo dira, eta, jarraian, 20.30ean, antzerki saio bat izango da.
Lehen ikastaroa antzerkiari eta poesiari buruzkoa izango da. Hain zuzen ere, Oier Guillan eta Iñigo Ortega arduratuko dira ikastaroa emateaz. Larunbatean, berriz, «Aktorea eta pertsonaia» izeneko ikastaroa egingo da Amaia Fernandez, Ainhoa Alberdi eta Margari Altolagirreren gidaritzapean.