Eusko Ikaskuntzak gazteek kezka iturri dituzten gaiez hitz egiteko gunea sortu du
Eusko Ikaskuntzak Datorkigunea sortu du, 2013 urtera arte gazteek dituzten kezken inguruan eztabaidatu eta adostasunera iristen saiatzeko. Ikasturte bakoitzean bi gai izango dituzte ardatz. Bileretan ateratako ondorioak martxan jarritako webgunean plazaratuko dituzte.
Nagore BELASTEGI
Euskal gazteen artean gogoeta bultzatzeko Datorkigunea proiektu berria aurkeztu zuten Teresa del Valle Eusko Ikaskuntzako Gipuzkoako lehendakariordeak, Jose Ignacio Insausti Gipuzkoako Aldundiko Gazteria Zerbitzuko zuzendariak, Natxo Rodriguez Lakuako Gazteria Saileko Zuzendariak eta Ainara Iraeta Eusko Ikaskuntzako Gazteria Saileko ordezkariak. Zazpi lurraldeetako gazteak bilduko ditu eta zenbait gairi buruz mintzatzeko aukera izango dute gazteek ikasturte bakoitzean. Proiektua Eusko Ikaskuntzak sortu du, Lakuako Gobernuaren, Gipuzkoako Kutxaren eta Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako aldundien babesarekin.
Datorkigunea proiektua irailaren 25ean jarriko da martxan eta bi gai jorratuko dira, bat lau hilabete bakoitzeko. Irailetik urtarrilera «Gazteen parte hartzea gaur egungo gizartean. Bide berrien bila» izango da mintzaigaia, eta urtarriletik uztailera, berriz, «Gazteriak dituen arazo nagusien aurrean zer egin?». Gai horiek 2009. urtean Eusko Ikaskuntzaren ekimenetan parte hartu zuten gazteen interesak aintzat hartuta hautatu dituzte.
Del Valleren hitzetan, hastear dagoen proiektu honek interes sozial handia eta ezagutza banatzeko konpromisoa du, gazteek gazteentzako sortutako ideia bat delako. Insaustik ere gazteriaren garrantzia nabarmendu zuen, gazteek beraientzat egiten diren proiektuetan parte hartzeko prestutasuna erakusten dutela argudiatuta. «Komunikabideek erakusten duten irudi desitxuratura ohituta gaude, baina gogoratu behar dugu asko izaten direla eurei zuzenduriko ekimenetan parte hartzen dutenak». Gazteek ardura handia erakusten dutela-eta, zoriondu egin nahi izan zituen Insaustik.
Rodriguezek Datorkigunea proiektuari onespena eman zion, berari esker, gazteen parte hartzea politikan, gizartean, ekonomian eta kulturan nabarituko dela esanez. Eusko Jaurlaritzak 14.000 euro inguruko diru laguntza eman dio Eusko Ikaskuntzari Datorkigunea gauzatzeko eta, Rodriguezen hitzetan, aurrerantzean ere dirua ematen jarraituko du.
Zazpi lurraldeetako ordezkariak
Iraetak Datorkigunea nola sortu zen azaldu zuen. Iazko Eusko Ikaskuntzaren biltzarrean Euskal Herri osoko 300 gaztek hartu zuten parte eta euren ideiak biltzen jarraitzeko prest agertu ziren. Horretarako sortu da euskaldun guztiei zuzenduriko proiektu hau eta sortzaileak gizartearentzat onuragarria izango delakoan daude. Iraetak Datorkiguneko bi kideri eman zien hitza, Auskin Galarraga eta Yasmina Gorroñori. Bi ordezkariok Datorkigunea zertan datzan azaldu zuten, euskaraz lehendabizikoak eta gaztelaniaz bigarrenak.
Datorkigunea bilgune fisiko eta birtuala da, hilean behin bilerak egiteko gune izateaz gain, informazioa trukatzeko webgune bat ere baduelako. Horren bidez zazpi lurraldeetako 18 eta 30 urte arteko 40 lagun bilduko dira gizartearen erronkei buruz eztabaidatzeko. Lan hizkuntza euskara izango dute, Hego eta Ipar Euskal Herriko biztanleak batzen dituen hizkuntza. 40 ordezkari gazte horiek lurralde bakoitzeko biztanle kopuruaren arabera hautatu dituzte: 13 bizkaitar, 10 gipuzkoar, 8 nafar, 5 arabar eta 4, ipar euskal herritar. Guztiek ere Eusko Ikaskuntzak zehaztutako gaiei buruz mintzatzeko aukera izango dute, helburua adostasun batera iristea izanik.
Eztabaida taldean ikasleak, langileak eta doktoregaiak izango dira eta, horiez gain, aholku batzorde bat ere izango da, ikasturte bakoitzean lantzen diren bi gaien inguruan erabakiak hartzen laguntzeko eta eztabaida ildoak bideratzeko. Proiektua 2013an amaituko da, Eusko Ikaskuntzaren XVIII. kongresuarekin batera, tarte horretan lortutako emaitzak ebaluatu ostean.
Datorkigunearen bultzatzaileek webgunearen bitartez euskal gazteek etxetik parte hartzea nahi dute, baina atzerrira begira ere hasi dira lanean. Del Vallek esandakoaren arabera, proiektuak etorkizuneko ezaugarriak ditu eta, bere ustez, sektore zabalagoetara iristeko lan egin beharko lukete, webguneak interakzioa ahalbidetzen duelako. Eusko Ikaskuntzako Gipuzkoako lehendakariordearen ustetan, talde honek genero eta belaunaldi desberdinetako pertsonen arteko eztabaida aberatsak sortzeko aukera ematen du eta Euskal Herriko esperientzia hau atzerriko herrialdeetara trasmititzea gustatuko litzaioke.
Datorkigunearen Aholkularitza Batzordea hiru pertsonak osatuko dute. Aurtengo adituak Alfonso Dubois irakaslea, Maria Jesus Cava katedraduna eta Asier Etxenike soziologoa izango dira.