GARA > Idatzia > Euskal Herria

Sanmarkok Merinok egindako adierazpenei erantzun die

GARA |

Sanmarko Mankomunitateak Errenteriako alkate Juan Carlos Merinoren kudeaketarako gaitasuna zalantzan jarri zuen prentsa ohar baten bidez, Merinok PSEk lehendakaritza lortutakoan kudeaketa egokia ezarriko duela adierazi ostean.

Aurretik, EBk eta ezker abertzaleak zuten Sanmarkoko gehiengoa, eta horiei esker Usurbilen, Hernanin eta Oiartzunen atez ateko zabor bilketa sistema erabiltzen hasi ziren. Hainbat herritan izandako zinegotzi aldaketen ondorioz, PSEk lortu du buru jartzea, hondakinak kudeatzeko errausketa defendatzen duen alderdia.

Merinok atez atekoaren emaitzak zalantzagarriak direla adierazi zuen, baina Sanmarkok argi utzi du sistema horrekin hondakinen %80 gaika biltzea lortzen dela. Sistema hori abian duten herriek Aldundiak proposatzen duena baino egokiagoa den beste eredu bat badela frogatu dute, eta gainera emaitza ezin hobeak lortzen ari direla.

Sanmarkoko arduradunek Merino mankomunitatea kudeatzeko prest ez dagoela adierazi dute, bileretara ez dela joaten eta zehaztasun falta handia duela argudiatuta. Gainera, alkateak gipuzkoarren osasuna arriskuan jartzen duela salatu du mankomunitateak. Izan ere, Errenterian ez du ez atez atekorik, ez bosgarren edukiontzirik, ezta birziklapena bultzatzeko ekimenik martxan jarri. Errenteriarrek denbora luzea daramate zabortegitik ateratzen diren usain txarrak pairatzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo