Txikiok ere badakigu balentria handiak egiten
Amets TXURRUKA Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindularia
Enpresa multinazional handiek babestutako talde erraldoiek osatutako tropel honetan, talde txikitxo bat gara. Hala ikusten gaituzte sarritan, eta goitik behera ere begiratu izan gaituzte behin edo behin. Oraingoan, berriz, txikiok ere lorpen handiak eta erakustaldi ederrak ematen badakigula erakutsi dugu. Itzuli honen lehen bi asteetan, lider handi bat genuela erakutsi genuen Igor Antonekin, baita itzulia irabazteko hautagai sendoa zela ere. Talde bezala hazi garela eta talde handienek egin ohi duten lana egiteko gai garela ere erakutsi genuen.
Pasatakoa pasata, hau da, Igor, Egoi eta Beñaten hutsuneekin taldea murriztuta, planteamendu ezberdina egin behar genuen. Sailkapen nagusia ahaztu eta etapa garaipenen bila abiatu beharra zegoen ihesaldien bidez edo Koldoren abiadura profitatuz.
Covadongako lakuetako etapan lehen saiakera egin genuen, eta gertu ibili nintzen arren, ezin izan genuen lehia horretan sartu. Biharamunean, aldiz, etapa erregina! Hotelera bidean, Mikel Nievek eta biok zirriborro bat egin genuen Gorka zuzendariarekin etapa nolakoa izatea nahi genuen azalduz. Erdi bromatan aritu ginen: erdi aldean ihes egingo dugu, ihesaldikoak harrapatuko ditugu eta gero aurrera joko dugu etapa garaipenaren bila! Planteamendu erraz eta polita egin genuen, baina gero hori betetzea...
Etapa erreginaren lehen kilometroetan borroka handia izan ondoren, taldetxo bat antolatu zen eta bertan Juanjo genuen ordezkari. Hala ere, gehiago nahi genuen eta taldeko bi txikitxook (Mikel eta bion artean ez gara benetako gizon baten 120 kilotara heltzen!) aurrera jo genuen jarritako erronka zailaren bila. San Lorenzoko maldetan gora, bi puntu laranjatxook ia bi minutu jan genizkien iheslariei; tontorrean, berriz, Juanjo zen gure zain -oina lurrean jarrita aurkitu genuen!-. Aurrekoekin bat egiteko lan eskerga egin ondoren, Cobertoria. Hurrengo lautadan, aldiz, nire txanda: ihesaldia murriztu eta tropelari denbora sartzeko tartea. Nituenak eta bi eman ondoren, Mikelek hil edo bizi egin beharreko azken igoera: Cotobello. Gauzak ikaragarri ondo egin genituenaren sentsazioa dut, eta, tontorrean Mikelek irabazi zuela esan zidatenean, irribarrea eta neronek ere eskuak gora! Txikiak izanagatik balentria handia egin dugu oraingoan! ZORIXONAK MIKEL eta talde osoari, handienen pare gaudela erakutsi dugu eta!
Gorenean egotetik beheko zulora jaitsi ginen erorketa baten ondorioz, baina berriz gorenera itzuli gara. Igor Antonek ondo dioen bezala, bizitza errusiar mendi baten parekoa da; oraintxe goian, oraintxe behean. Horregatik momentua bizitzen ikasi behar dugula ere badio. Hala egingo dugu ba, Igortxu!
P.D: Bukatzeko, sekretutxo bat konta nahi dizuet. Itzuliko etapa erreginaren irabazleari esprint bat lehiatu diot atseden eguneko entrenamenduan eta aise irabazi diot. Beraz, etapa bat irabazteko gaitasuna daukat, ez? Ja, ja, ja...