GARA > Idatzia > Kultura

Grimm anaien eleberriak oinarri, «Reckless» bilduma atera du Cornelia Funke idazleak

«Txerrikume pirata» edota film bilakatutako «Tinta-bihotz» eleberrien autoreak hiru lanek osatuko duten bilduma berria jarri du abian. Lehenengoak «Reckless. Harrizko haragia» du izena eta kalean da jadanik.

Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA

Cornelia Funke alemaniarra haur eta gazte literaturan ibilbide oparoa duen idazlea da; besteak beste, horren erakusle dira «Txerrikume pirata» ipuina eta «Lapurren burua» eta «Tinta bihotz» eleberriak, azken hori film luze ere bihurtutakoa. Idazlea izateaz gain, marrazkilaria ere bada Cornelia Funke eta berak sortu ditu «Reckless. Harrizko haragia» lanean agertzen diren ilustrazio guztiak.

Orain arte euskaraz kaleratutako Funkeren lanek izandako arrakastak bultzatuta, alemaniarraren azken eleberria ere euskaraz irakurri ahal izango da. Gainera, «Recless» saileko lehen liburuaren mundu mailako aurkezpena atzo izan bazen ere, euskarazko bertsioa ere liburu dendetan da jadanik. Izan ere, alemanez idatzitako jatorrizko bertsioa eta itzulpenak batera kaleratu dituzte. Hau da, euskarazko bertsioa ingelesez, frantsesez edo gazteleraz idatzitakoekin batera argitaratu da.

Funkek literatura munduari erreferentzia handiak egiten dizkio bere lanetan. Azken eleberrian ere, Grimm anaien nobelak izan ditu oinarri; hala, haien idazkietako giro ilun, gotiko eta misteriotsua topatu ahal izango da «Reckess» bilduman. Saileko lehen lanean maitagarrien ipuinetan oinarritu da Cornelia Funke.

Reckless anaiak, Jacob eta Will -Grimm anaiak bezala-, dira saileko protagonistak. Gazterik aita galdu zuten, eta, anaia zaharrena, Jacob, askotan saiatu da bere desagertzearen misterioa argitzen. Azkenean, aitaren gelako ispilua beste mundu baterako sarbidea dela deskubrituko du, eta, hala, bi munduen artean ibiliko dira atzera eta aurrera bi anaiak. Aldiz, Will anaia txikia sorgin baten madarikazioaren pean eroriko da, eta, Jacobek eragotzi ezean, larruazala harri bihurtuko zaio.

«Reckless. Harrizko haragia» lana 52 atal motzez osatuta dago eta fantasia eta irudimena gustatuko duen edonork irakur dezake. Hori bai, hasiera batean, gaztetxoei zuzenduta dago.

Paperetik pantailara

Funkeren «Tinta-bihotz» eleberria 2009an film bihurtu zen bezala -Brendan Fraser aktorea izan zen protagonista-, «Reckless» saileko lehen eleberria ere pantaila handira eramango dute. Lanak, gainera, oso aurreratuta dituzte jada, filmeko gidoia ia prest baitago.

Elkar argitaletxeko arduradunek atzo Donostian egindako euskarazko bertsioaren aurkezpenean azaldu zutenez, bildumako bigarren zatia datorren urterako izango da prest ziurrenik. Izan ere, «Funken lanekin sekula arazorik izaten ez denez», ez dago merkatuaren erantzunaren zain egon beharrik lanean hasteko.

EDIZIO DENAK BATERA

«Reckless. Harrizko haragia» da bildumaren lehen alea eta itzuli den hizkuntza guztietan aldi berean kaleratu zen atzo. Horrek euskarari mesede egingo diola uste dute editoreak.

Fitxa

Izenburua: »Reckless. Harrizko haragia».

Egilea: Cornelia Funke.

Itzultzailea: Aiora Jaka.

Argitaletxea: Elkar.

Orrialde kopurua: 293.

Salneurria: 21 euro.

Kaleratze data:

2010eko iraila.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo