GARA > Idatzia > Euskal Herria

Epaitegira jo dute Madrilen, Udalbiltzaren aldeko ekitaldia debekatu ondoren

Madrilgo Udalbiltzarekiko elkartasun taldeak kalean auziaren kontrako ekitaldia egiteko debekua jaso zuen eta Unescoren Lagunak elkartearen egoitzan egin zuten azkenik. Erakundeari buruzko bideo emanaldia eta mahai-ingurua egin zituzten eta Maribi Ugarteburuk hartu zuen parte.

p015_f0239864.jpg

GARA |

Uztailean epaiketa hasi zenetik behin baino gehiagotan gertatu den bezala, aste honetan ere Udalbiltzaren aurkako auziko auzipetuek -21 zinegotzi eta alkate ohi- babes eta elkartasun keinuak jaso dituzte. Epaiketa saio guztietan ondoan izan dituzte Madrilen osatu den babes taldeko kideak. Elkartasun batzorde horretako kideek, gainera, asteartean Madrilgo Reina Sofia museoaren aurrean ekitaldia egiteko asmoa zuten, baina Auzitegi Nazionaleko epaileek ekitaldia debekatu zuten.

Oztopoak oztopo, Udalbiltzaren aurkako epaiketa salatzeko, astearte iluntzean ekitaldia egin zuten Unescoren Lagunak elkartearen egoitzan. Auzipetuak epaitegian astearte arratsaldez izan zuten saioa amaitutakoan bertaratu ziren. Instituzio nazionalari eta horren kontrako auziari buruzko bideo emanaldi batekin eman zioten hasiera ekitaldiari. Horren osteko mahai-inguruan, elkartasun taldeko bi ordezkarirekin batera, Maribi Ugarteburuk parte hartu zuen.

Unescoren egoitzan berrogeita hamarren bat lagun bildu ziren ekitaldian, eta izan zen ikusleen artetik hitza hartu eta bere iritzia eman zuenik ere. Tartean, Willy Toledok, aktore eta antzerki ekoizle madrildarrak, auzia «bidegabekeria» dela salatu zuen.

Bestalde, babes taldeko abokatuek Reina Sofia museoaren parean Gobernuko Ordezkaritzak «adierazpen askatasunaren alde eta Udalbiltzari babesa agertzeko» asteartean egitekoak ziren ekitaldia debekatu izana salatu zuten. Gainera, abokatuek jakinarazi zuten helegitea aurkeztu dutela Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusian, erakundeek, alderdi politikoek eta norbanakoek osatzen duten batzordearen izenean.

Bestalde, auzipetuek ohar bidez azaldu zutenez, astearteko epaiketan agerian geratu zen Udalbiltzak diru kontuetan irregulartasunik ez zeukala, bere elkarteak berak sortu zituela eta legezko jarduera zeukala.

Hurrengo hitzordua irailaren 29an izango dute auzipetuek, ordura arte ez baitira Madrilera itzuliko. Orduan adituak frogak aztertzen hasiko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo