GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hizkuntza urraketak salatzeko kutxak jarriko dituzte Atxondon eta Mallabian

p015_f0336494.jpg

GARA

Hizkuntza eskubideen urraketak jasotzeko eta horiei konponbidea emateko «mekanismo eraginkor bat» jarri dute martxan Atxondon eta Mallabian. Hala, bi herriotan idazkaritzan eta liburutegian kexak jasotzeko jarriko dituzten kutxak aurkeztu dituzte David Cobos eta Aitor Loiola alkateek. Hala, hizkuntza eskubideren bat urratu dela uste duten herritarrek, proposamenen bat egin nahi dutenek edo jarreraren bat txalotu nahi dutenek kutxan sartu beharko dute iradokizuna.

Uemak eta Behatokiak adostu dute beharrezkoa dela «udalerri euskaldunetako euskal hiztunen hizkuntza eskubideen defentsa eraginkorra egitea». Hala ere, «adierazpen hutsak ezertarako balio ez duela ohartuta, egitasmo berri hau abiatu dute.

Kexa-kutxen ekimena aurkeztean hizkuntza eskubideak giza eskubideekin lotuta daudela adierazi zuten. «Sarri askotan, hizkuntza eskubideen urraketak beste eskubide batzuen urraketa dakar: berezko hizkuntza erabiltzeko eskubidearena», azaldu zuten Mallabiko eta Atxondoko alkateek. Are gehiago, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan euskararen erabilera arautzen duten oinarrizko legeek ere hizkuntza eskubideak aipatzen dituztela gogorarazi dute.

Behatokia eta UEMA erakundeek 2008ko maiatzaren 15ean sinatu zuten hitzarmena eta gaur egun, dagoeneko, 50 buzoi inguru daude. 2008an 52 kexa jaso zituzten, 133, hurrengo urtean eta aurtengo urteari dagokionez, oraingoz 120. Herritarren kexa ohikoenak erakunde publikoetan eta enpresa pribatuetan euskarazko arreta hitzez zein idatziz jasotzeko dituzten gabezien ingurukoak dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo