GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Mikel Noval ELAko Gizarte Politikako arduraduna

Behar ditugun enplegu politikak: eragingarriak eta erabakitzeko aukera ematen digutenak

Espainian erabakitako enplegu politiken emaitzak ikusita, ez da oso zentzuzkoa politika horiek berak hemen besterik gabe aplikatzea, gobernuen «logoak» bakarrik aldatuta

Euskal Herrian askoz lanpostu gehiago galdu dira Europako Batasuneko beste hainbat lekutan baino. Gure langabezia tasa %10,6koa da. Batasuneko estatu gehienenetan, ordea, beherago dago; zehazkiago esanda, langabezia tasaren batez bestekoa %9,6koa da.

Gainera, prekarietatea ageriko kontua da. Lan erreforma joan den ekainean indarrean sartu ondoren, erregistratu diren kontratuen %93 behin-behinekoak izan dira; nahiz eta erreforma hori onartzeko zegoen arrazoietako bat -gezurrezkoa- behin-behinekotasuna murriztea zela esan. Erreformaren emaitza ezin okerragoa izan da: enplegua suntsitzea errazagoa eta merkeagoa da orain; eta behin-behinekotasuna, ordea, ez da moteldu.

Datu horiek ikusi besterik ez dago berehala konturatzeko oraingo enplegu politikak oso arrakastatsuak ez direla izan. Are errazago konturatuko gara, baldin eta badakigu Europako Batasuneko langabezia tasarik handiena Espainiako Estatuan dagoela (%20tik gora). Sinesgaitza da, langabezia eta prekarietate maila horiek ikusita, oraindik ere gizarte elkarrizketaren aldekorik geratzea, eta enplegurako, prestakuntzarako eta lan osasunerako onuragarria dela esaten jarraitzea. Gizarte elkarrizketaren «arrakasta», langileen egoera hobetzea baino, eredu horretako partaideei ematen dizkien finantzaketa aukerak dira. Bada, Jaurlaritzak, patronalak, CCOOk eta UGTk porrot egin duen eredu hori kosta ahala kosta EAEra ekarri nahi dute. EAEko herri-erakundeetako organoetan parte hartzeko bideak nahasi dituzte, euskal gehiengo sindikalari (ELA eta LAB) berezko zuen ordezkaritza kenduz, euren jokabidea legitimatu nahian.

Azken asteotan luze eta zabal hitz egin da esanez enplegu politika aktiboak laster batean EAEra eskualdatuko direla; politika aktiboak honakoak dira: bitartekaritza, orientabide, prestakuntza eta enplegu sorreraren programak eta neurriak. Lehenengo eta behin esan behar dugu ez dagoela batere informaziorik Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren artean gai horri buruz. Lehenago ere ez zen informazio handirik zabaldu. Izan ere, EAJk eta Espainiako Gobernuak, Estatuko 2010eko aurrekontu murriztaile eta antisozialei baiezkoa ematearen truke, politika aktiboak eskualdatzeko ituna egin zuten; baina hasiera batean ez genuen horren jakiterik izan, harik eta kazetarien filtrazio batetik ezagutu genuen arte. Eskualdatzeko moduko zerbitzu publikoetako langileek ere ez dute batere informaziorik; ez dakite euren lan egoera zein izango den. Erabateko ezkutukeria da nagusi. ELAk informazioa jasotzeko eta kontsultatua izateko duen eskubidea aldarrikatzen du; orain arte behin eta berriz ukatu zaigu. Langile klasearentzat enplegua gai oso garrantzitsua da, eta bere transferentziaz sindikatuari kontsulta egitea ezinbestekoa da.

Gure ikuspuntua gogoratzeko abagunea da oraingo hau. Hiru puntutan oinarritzen da: lehenengoa, enpleguaren politika aktiboen eta pasiboen transferentziak aldi berean egin behar dira, ezin dira bereizi. Haatik, Patxi Lopez lehendakariak jendaurrean adierazi zuen uko egiten ziola langabezia prestazioen transferentziari (hots, politika pasiboei), eta orain EAJren eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarrizketetan badirudi politika pasiboak alde batera uzten dituztela.

Bigarrenik, Ekonomia Itunean jasotako irizpideak errespetatu beharrekoak dira. Puntu hau badakigu astun samarra dela, horregatik ahalik eta ulerterrazen azaltzen saiatuko gara. Kontua ez da zenbat diru biltzen den urtero Estatuko aurrekontuetan diru-sail horietarako, baizik eta zenbaterainoko ahalmena ematen zaion Eusko Jaurlaritzari kudeaketa ekonomikoa egiteko; zinezko kudeaketa, alegia. Hau da, euskal erakundeek eskubidea dute EAEn bildutako enplegu politikekin lotutako baliabide guztiak (gizarte-kotizazioak ere barne), zuzenean kudeatzeko. Diferentzia nabarmena da: zor zaigun finantzaketak ez du zertan izan Espainiako kasuan kasuko gobernuak urtero hartzen duen apetazko erabakiaren zain. Oinarrizko gai honi buruz gauza bakarra dakigu, lehendakariak honi ere uko egin diola; 2011ko aurrekontuetan horretarako gordeko den diru kopuruaz eztabaidatzera mugatzen dira.

Azkenik, funtsezkoa da politika aktiboak eskualdatzearekin batera erabakitzeko ahalmena ere ematea, eta ez geratzea eskumen hori Espainiako Estatutik finkatzen diren zoritxarreko politiken aplikazioaren menpean. Baina dakigun gauza bakarra zera da: Espainiako Gobernua, patronala, CCOO eta UGT ez daude horretarako prest.

Horregatik ELAk jarraituko du eskatzen informazioa, gardentasuna eta behar bezalako transferentzia bat. Eta arlo horretan egiten diren ez-betetzeak salatuko ditugu. Enplegu politikak ez dira inola ere garrantzi gutxiko kontua.

Aurreko gobernuen diskurtsoaren ildotik datorren posizio historikotik atzera egitea ez dugu onartuko, ez dugu atzerapauso politikorik nahi. Enplegu politikak finantza fluxu bat baino zerbait gehiago dira. Orain jokoan duguna lan ildoak guk geuk benetan taxutu ahal izatea da. Eta hori ez da garrantzizkoa bakarrik autogobernuaren ikuspegi batetik, hala izanda ere; bada garrantzizkoa, gainera, batez ere Espainian erabakitako enplegu-politiken emaitzak ikusita, beste arrazoi honengatik: ez da oso zentzuzkoa politika horiek berak hemen besterik gabe aplikatzea, gobernuen «logoak» bakarrik aldatuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo