GARA > Idatzia > Kultura

«Arma psikologiko handiak izan ziren gerran bertsoa eta kantua»

Joseba Tapia trikitilari lasartearrak disko berria argitaratu du. Izena ezagun egin daitekeen bertso batzuen errepikan agertzen den esaldi batek eman dio, «eta tira eta tunba». Atzoko aurkezpenean jarraitzaile ugari izan ziren, horien artean, Fermin Muguruza.

p040_f01_148x128.jpg

Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA

«Batean karlista naiz, bestean liberal. Biak behar izan ditut une historiko hura interpretatzeko», esan zuen Joseba Tapiak atzo «Eta tira eta tunba» (Elkar) lanaren aurkezpen ekitaldian. Aurreko diskoen ildoari eutsi dio lan berrian, hots, bertso zaharrak berreskuratzen. Oraingoan baina, Bigarren Karlistaldi garaiko bertso eta abestiak hautatu ditu. Diskoa 22 abestik osatzen dute eta XIX. mendeko kantutegi bat dela esan daiteke.

Joseba Tapiak azaldu zuenez, «zer izan garen» erakusten dute bertso horiek eta «galera handia» izango litzateke ezagunagoak ez izatea. Hori dela-eta, bi bandak lagunduta, musika jarri die, berriz plazara ekartzeko ahaleginean.

Musikariaren hitzetan gainera, «Euskal Herriaren kontzientzia zeinen nekez sortu den» irakasten dute bertso horiek. Hizkuntzari erreparatuz, alderdi batekoek zein bestekoek euskara erabili zuten «aldekoak biltzeko, bildutakoak mobilizatzeko eta aurkakoei eraso egiteko. Arma psikologiko handia izan zen bertsoa eta kantua», azaldu zuen.

Nolanahi ere, proiektu hau egiteko arrazoi nagusi bat izan du Tapiak: «Bertsook oso gustuko nituelako».

Kantuak aurkitzea ez da lan erraza izan, eta bilduman sartutako gehienak Antonio Zabala euskal idazle eta euskal herri-literaturaren ikerlari eta editorearen bilduman aurkitutako abestiak dira.

Grabaketa lanak

XIX. mendeko bertsoei musika jartzeak garai hartako egoera ikertzea eskatu dio Joseba Tabiari. Izan ere, gerra garaiak doinu zehatz bat du oinarrian: doinu militarra. «Orain arte erabili gabe nuen hots mota bat baliatu dut lan honetarako», zehaztu zuen Tapiak. Soinu horrek metalezko instrumentuen erabilera eskatzen zion eta, hala, tronboia, bonbardinoa eta tronpeta entzun daitezke, besteak beste, lan berri honetan. Giro militarra, halere, ez zen bakarra eta txaranga hotsak ere gehitu dizkio lanari.

Horrez gain, jatorrizko sei melodia ere gorde ditu, eta beste guztiak Tapiak berak sortuak dira. Jatorrizko doinu horietako batzuk ahaztuta zeuden. Abestien errepiken doinuak hainbat herritan oroitzen dituzte oraindik ere, baina abestien gainerako zatiak erabat ahaztuta daude, oro har. Hori dela-eta, hainbat herritako liburutegi eta artxiboetan bila aritu behar izan du trikitilariak, besteak beste, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean.

Hasiera batean, banda bakar batek egin behar zituen grabaketa lanak, baina partiturekin hainbat arazo eta zailtasun izan ondoren, beste banda bati ere laguntza eskatu zion musikariak. Hala, bi taldek hartu zuten parte: «karlistek eta liberalek», Tapiak hala bataiatuta.

Kontzertuak larunbatean hasiko ditu Errenterian Kilometroak 2010en egitarau barruan.

«Eta tira eta tunba»-tik «Vive la liberté»-ra

Joseba Tapiak bilduma berri honetan Bigarren Karlistada garaiko abesti zaharrak jaso eta musikatu ditu. Horien artean, elkarren aurka borrokatu ziren bi aldeetakoak aurki daitezke, bai karlisten abestiak, bai eta liberalenak ere.

Karlistenak, nagusiki, erlijioaren, fedearen eta, noski, Karlos VII.aren ingurukoak dira. Horietako bat diskoari izenburua ematen diona: «Eta tira eta tunba»:

«Biba, biba, biba,/ gure Jaungoikua!/ Biba, biba, biba,/ Aita Erromakua!

Eta tira eta tunba/ eta tira beltzari,/ eta tira eta tunba/ eta tira beltzari.

(...) Txapel txuria eta/ berdaizka borlia,/ zaldi gañean dator/ gure erregia,/ Españan agintzeko/ nor izango hobia?

(...) Biba Karlos septimo/ eta Margarita,/ Españan agintzeko/ zer pare polita!»

Ez da ezaguna nork idatzi zituen bertsook eta noizkoak diren, eta Tapiak berak sortu ditu hainbat abestiren doinuak.

Beste aldekoek, hots, liberalek kantatzen zituzten abestiei dagokienez, fedea, erreinua eta erlijioa aipatzen dituzte, baina ez elizgizonak goraipatzeko, hain zuzen, haiek kritikatzeko baizik.

Kritika horren adibideetako bat «Vive, vive la liberté!» kantua da. Hona hemen zatitxo bat:

«Ez dire apezak bakarrak,/ baituzte lagun azkarrak;/ haundimendiak,/ ez galtzeagatik/ lengo influjo ta indarrak, / egin dire karlostarrak.

Beti horien bizia/ izan da hipokresia;/ mundu guzia/ umil-umila/ beren eskura kartzia/ da hoien lege guzia.

Bonuak eta graduak/ dirutan ttuzte hartuak:/ hek ezin kobra,/ hok ez balio/ Karlos errege egin arte;/ esperantza ona daukate».

Abesti hau ere, aurrekoa bezalaxe, anonimoa da, eta, itxura denez, 1869. urtekoa da. M. L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo