GARA > Idatzia > Kultura

Izuak eta atsekabeak bildu ditu Irati Jimenezek Katu Kale izeneko Bilbo paralelo eta ilun batean

«Atsekabe zaitut», bere hirugarren fikziozko liburua eman du argitara Irati Jimenezek. Bilbon kokatu duen helduentzako kontakizun ilustratua da, iluntasuna, ipuinak eta fantasia iturri dituena.

p041_f01_96x72.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Aldaketek eragin dezaketen izuaz mintzo da Irati Jimenez (Mundaka, 1977) bere azken lanean. «Atsekabe zaitut» (Txalaparta) «kale bazterretan gertatzen den nobela bat da», esan zuen. «Nobela laburra da, baina estilo aldetik ipuingintzatik hurbilago dagoela esango nuke. Ipuinaren elementuak ditu zentzurik hertsienean, elementu fantastikoak. Helduentzako kontakizun ilustratu bat da».

Irudigile lanetan Iratz Inziarte aritu da berarekin elkarlanean. «Idazten dudanean, normalean ikus-entzunezkoetan bezala ikusten ditut pertsonaiak, film batean bezala. Baina kasu honetan irudi finko gisa etortzen zitzaizkidan. Eta horregatik jo genuen marrazkilari batengana», azaldu zuen idazleak.

«Malcom X: Duintasunaren kolorea» (Txalaparta) umeentzako biografia idatzi zuen Jimenezek 2002an. «Bat, bi, Manchester» (2006) eta «Nora ez dakizun hori» (2009) argitaratu zituen gero Elkar argitaletxearekin. Gaur egun, «Nabarra» aldizkariko zuzendari lanetan dabil.

Gaur egungoa izan daitekeen Bilbo batean kokatuta dago istorioa; «Bilbo paralelo batean. Uste dut badirela Bilbo paralelo asko. Auzune berean bertan oso giro ezberdinak topatzen dituzu. Liburu hau giro paralelo horietako batean, beharbada, zikinenean, ilunenean eta herdoilduenean, sartzen da eta hori muturreraino eramaten du», azaldu zuen. Katu Kale izeneko Bilbo bat irudikatu du Jimenezek. «Katu Kale horretan katuak bizi dira. Gure begientzat katu itxura dutenak batzuk, eta gizon-emakume itxura izanda, batzuetan gizon-emakume bezala edo katu bezala portatzen direnak besteak».

Erdi katu erdi emakume den Emeren ezinegona kontatzen du eleberriak. «Sentitzen du jada ez dela bere munduaren parte, aldatzen ari da, oso ondo zergatik ez dakiela. Badu lan bat, izateko modu bat, leku batean bizi da, leku horrek exijentzia batzuk ditu, badu lagun min-min bat... Eta beldurra du, aldatzen denean, horiek guztiek bizkarra emango dioten. Aldatu nahi du, badu borondate hori, baina badu izua».

Nobela iluna den arren, Jimenezen hitzetan, bada argi izpirik. «Ez nuke esango ezkorra denik, inolaz ere. Badu alde bat erromantikoa. Sakoneko ideiak hau esan nahi du: badela munduan pena edo samina, baina norberak beti duela aukera horiekin bat egiteko edo ez. Aukera horrek iluntasuna arindu egiten dio kontakizunari».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo