GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander Garro Idazlea

Maitasunaz bi hitz

 

Askotan izaten dugu zerbait (film bat, liburu bat...) ona edo txarra ote den eztabaidatzeko tentazioa, hori zinez garrantzitsua balitz bezala, kasik sakratua, definitiboa. Ona dena berez omen da interesgarri, eta txarra dena, aldiz, zakarretarako. Kito. Baina zaila da, zinez, gauza bat ona edo txarra den esatea lotsagarri geratu gabe, gauzekiko lotura intelektuala (edo estetikoa) ez ezik, gauzekiko lotura emozionala izaten baitugu, geu ohartu ez arren, eta hau da gehien-gehienetan gailentzen dena. Ez naiz egileekiko izan dezakegun maitasunaz edo gorrotoaz ari, ez, zerbait sotilagoaz ari naiz, istorioek eta istorio horietako pertsonaiek izaten duten zera hautemanezin batez. Haurtzaroak, akaso, eragin izugarria izango du horretan. Jar dezagun adibide bezala Jose Luis Lopez Vazquez. Espainiarra izanagatik, frankismoari lotutako gizarte baten erakusgarri izan arren, neuk sinpatia sentitzen dut harekiko, ia maitasuna, neure kautan, seguruen, maitasun horri uko egiten badiot ere. Nire kontzientzia politikoa iratzartzen da, zikiratzaile, maitasun txiki horrekiko murru handi bat jarriz. Ez ezazu morroi ezdeus eskas hori maita, sasikomiko «kaspadun» hori, izaki barregarri urduri erdipurdikoa... Ados, baina, hura ikusi orduko, halako sentimendu goxo bat sortzen da nire baitan, beste guztia baino sakoagoa eta egiazkoagoa dena, nireagoa hortaz. Zer egin? Batzuek esango dute: sentitzen duguna gara. Beste batzuek, berriz, pentsatzen duguna garela esango dute, desioa gordetzeko gai garen izaki arrazionalak (zenbat gustatzen zaigun hitz hori, demonio!). Neuk, ez dakit.

 
 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo