Zinemaren jaia abiatu da Donostian
Krisialdiaren Zinemaldia hasi da, krisialdian ospatuko den bigarren edizioa baita 58. hau. Gizarteko arlo guztiek bezala -batzuek beste batzuek baino bortitzago, jakina-, krisi ekonomikoaren eragina jasan du jaialdiak, joan den urtean jaso zuen bezala; nolanahi ere, ez luke Zinemaldiaren krisia eragin behar. Antolatzaileek berek ohartarazi zuten edizio hau ez zela izango izen ezagunena, eta, izarren distirak Zinemaldia argitu izan badu ere, haren helburua ez da izarren bilduma izatea; aitzitik, kalitatea ez dela izarren metaketaren sinonimo erakutsi izan du behin baino gehiagotan. Aurtengoan begirada desberdinak ekarri nahi izan ditu, eta zinemazaleek aukeratuko dituzte gogoko dituztenak. Edizio hau, halaber, jaialdiaren egungo zuzendaritzaren amaieraren lekuko izango da. Oraindik zuzendari den Mikel Olaziregik agur beroa eta esker ona merezi ditu, oro har, egindako lanarengatik. Eta Zinemaldiak ildo beretik jarraituko duela espero izateko motiborik badagoela dirudi, ildo beretik jarraitu baina bultzada berritzailea eman diezaiokeen Jose Luis Rebordinosek ondo ezagutzen baitu barrutik.
Atzo zinemaren jaia, zinemazaleen jaia, abiatu zen Donostian. Zortzi egun hauetan haren dohainez eta hutsuneez hitz egiteko beta izango da. Gaurkoan, beraz, ongietorri Zinemaldiari, eta, noski, goza dezatela zinemazaleek!