GARA > Idatzia > Ekonomia

Jean Lassalle Modemeko diputatuak erretreten erreformaren aurka bozkatu du Parisen

A.M. | BAIONA

Erretreten erreforma gai polemiko eta korapilatsua denik inork gutxi jarriko du zalantzan. Azken kapitulua herenegun Estatu frantseseko Asanblea Nazionalean izandako lehen bozketak eragin zuen. Izan ere, Modeme alderdiko hautetsiak legearen kontra azaldu ziren, tartean, Jean Lassalle, Nafarroa Beherea, Zuberoa eta Biarnoko zati bat biltzen duen barrutiko diputatua.

Pirinio Atlantikoetako egoera politikoa ikusirik -Modem eta UMP koalizioan daude Kontseilu Nagusian- jarrera horrek arazoak sor ditzake, batez ere, hurrengo udaberriko hauteskundeetarako. Michel Veunac Modemeko idazkari nagusi eta Biarritzeko zinegotziarentzat jarrera horrek «ez du zertan eragin behar» departamenduan: «Paueko Kontseiluan eta zenbait udaletan aspaldi ari gara elkarlanean eta horrek frogatzen du elkarrekin gobernatzeko irtenbide bateratzaileak topatzen badakigula. Tokian-tokian posible bada, nazio mailan ere posible izan beharko luke» adierazi du Veunacek.

LABen manifestazioa

Erretreten erreformaren harira hainbat greba eta mobilizazio izan dira azken hilabeteotan, eta, ildo horretan, bihar, 17.00etan, LABek manifestazioa deitu du Baionan. Mobilizazio horri atxiki zaio Batasuna ere.

«Estatu frantses eta espainolek euskal herritarrei erabakiak hartzeko eskubidea ukatu eta euren krisia gure gain jarri nahi duten honetan, denok batera herri bezala gogor erantzun beharra» dagoela adierazi du indar abertzaleak hedabideetara igorritako oharrean. Horrela «aldaketa politikoa zein sozialaren alde borrokatzera» deitzearekin batera, manifestazioan parte hartzera gonbidatu ditu militanteak eta langileria oro har.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo