GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Danbaka musika lehiaketan izena emateko azken aukera asteburu honetan izango da

Danbaka musika sariketaren laugarren edizioan izena emateko azken asteburua da honakoa. Debagoieneko, Debabarreneko eta Durangaldeko bakarlari eta musika taldeek dute parte hartzeko aukera.

p047_f01_149x100.jpg

Koldo OTAMENDI | DONOSTIA

Danbaka musika lehiaketan izena emateko azken asteburua da honakoa. Debagoieneko, Debabarreneko eta Durangaldeko bakarlari eta musika taldeei bideraturiko txapelketa da Danbaka, 2004. urtean Goiena Komunikazio Kooperatibak sortua, eskualdeko musika zabaldu eta sustatzeko asmo irmoarekin. Azken urte hauetan Euskal Herriko luze zabalean antolatzen diren musika lehiaketen artean erreferente bilakatu da, lan egiteko modua eredugarria baita eta antolakuntza bikaina. Gainera, azken urteetan sariketa irabazi duten taldeek ere zeresana eman dute gerora gure musika eszenan. Hain zuzen ere, Sharon Stoner (2004), Aby Kem (2006) eta The Wet Band (2008) taldeak izan dira aurreko hiru edizioetako garaileak. Horrez gain, Debagoieneko talde onenaren sari berezia lortu zuen Ady Holden taldeak 2008ko edizioan.

Musika taldeak ezagutzera emateko modu ederra da Danbaka. Lehiaketan antolatzaile lanetan aritzen den Iker Barandiaranek nabarmendu duenez, «eskualdeko taldeak ezagutzara emateko aukera ederra da Danbaka. Aurkezten diren talde guztien informazioa jartzen dugu gure webgunean eta sailkatzen diren 20 taldeak zuzenean jotzeko aukera izaten dute». Lehiaketan parte hartu ahal izateko, musika talde bakoitzak sorkuntza propiokoak diren hiru kantu aurkeztu behar ditu (ez dira bertsioak eta moldaketak onartzen); taldearen argazkia, harremanetarako datuak eta taldearen ibilbidea biltzen duen biografia ere aurkeztu behar dira. Aurreko hiru edizioetan parte hartu duten taldeek ere, finalera iritsitakoek salbu, izena emateko aukera dute. Sailkatu arren orain artean finalera iritsi ez diren taldeek baldintza bakarra bete behar dute: hiru kantu berri aurkeztea. Abestiak eta biografiak aurkezteko bi bide daude: Goienak Arrasaten, Bergaran eta Aretxabaletan dituen bulegoetara joz edo e-posta bidez (danbaka@danbaka.com).
Lehiaketan parte hartuko duten hogei taldeetatik hemeretzi musikariek, kazetariek eta musika arloarekin harreman zuzena duten adituek osatutako epaimahai batek aukeratuko ditu. Hogeigarren taldea, berriz, www.danbaka.com webgunearen bidez hautatuko da, aurkeztu diren talde guztien artean boto gehien eskuratzen dituena sailkatuko delarik. Lehen fasea gainditzen duten hogei musika taldeek zuzenean erakutsi beharko dute beren balioa; horretarako, urria, azaroa eta abenduan zehar hainbat kontzertu antolatuko dituzte.

Finala, urtarrilaren 14an

Zuzeneko saioak Elgetako Espaloia kafe antzokian egingo dira, bertatik hiru talde aterako direlarik final handian aritzeko. 2011ko urtarrilaren 14an egingo den kontzertuan erabakiko da zein talde izango den Danbaka musika lehiaketako laugarren edizio honetako irabazlea. Aipatu beharra dago kontzertu guzti-guztiak grabatu egingo direla; ez hori bakarrik, Debagoieneko GOITB telebistan zuzenean ikusi ahal izango dira. Gerora, Euskal Herriko beste telebista batzuetan ere zabalduko dituzte.

Danbaka lehiaketako sariak ez dira nolanahikoak. Izan ere, talde irabazleak Gaztelupeko Hotsak zigiluaren eskutik disko bat  kaleratzeko aukera bereganatuko du. Horrez gain, berrikuntza bat ere izango da aurtengo edizioan: Debagoieneko talde onenak bideoklip bat grabatzeko aukera eskuratuko du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo