GARA > Idatzia > Mundua

«Terrorismoaren aurkako legeria» aldatzeari uko egin dio Txileko Senatuak

Txileko Senatuak aukera paregabea galdu zuen atzo 35 preso maputxek aurrera daramaten gose grebari konponbidea emateko. Boto bakar baten aldearekin, senatariek baztertu egin zuten protestaldia eragin duen «terrorismoaren aurkako legerian» aldaketarik egitea.

GARA

Maputxeen borroka kriminalizatzea helburu duen «terrorismoaren aurkako legeria» aldatzeari uko egin zion atzo, boto bakar baten aldearekin, Txileko Senatuak. Horrenbestez, joan den uztailaren 12tik gose greban diren 35 preso politiko maputxeek aurrera jarraituko dute protestarekin.

Orotara, 19 boto izan ziren aldaketaren aurka eta 18 alde. Zentro-ezkerreko koalizioak sustatutako ekimena ezerezean uzteko gakoa, Hosain Sabag senatari kristau-demokrataren botoa izan zen, Sebastian Piñeraren Gobernu eskuindarrarekin bat egin baitzuen.

Proposatutako aldaketaren arabera, zerbitzu publikoa eskaintzera zuzendutako edozein jabetzaren -izan pribatu edo publiko- aurkako erasoak baino ez lirateke terroristatzat hartuko. Era berean, heriotza, zauri larriak edota kalte material handiak eragiteko helburua duten erasoak baino ez lukete delitu terroristaren kalifikazioa izango.

Bozketaren emaitzak eztabaida sakona eragin du zentro-ezkerreko koalizioa osatzen duten alderdien artean. Kristau-demokraten presidente Ignacio Walkerrek onartu zuenez, «gose grebari konponbidea emateko aukera urrundu egin da gaurkoan, eta, tamalez, gure alderdiko senatari baten aurkako botoarengandik gertatu da».

Demokraziaren Aldeko Alderdiaren burua, Jaime Quintana, pauso bat harago joan zen. Hala, Sabagen jarrerari «txartel gorria» dagokiola esan ostean, koaliziotik kanporatzeko aukera aintzat hartzea eskatu zuen.

Bestalde, Temucoko (Gulumapu, Txileren menpeko lurralde maputxea) kartzelan preso zegoen komunero batek asteazkenean presondegia utzi zuela ere nabarmendu behar da. Jada kalean izan arren, uztailaren 12tik abian den gose grebarekin aurrera jarraitzeko asmoa duela jakinarazi du bere abokatuak.

ZOZOAK BELEARI...

Gobernuan izan zen bitartean maputxeen aurka errepresioa erabili zuen Michelle Bacheletek gose greban diren presoen auzia elkarrizketaren bidez konpontzeko deia egin dio Sebastian Piñera bere oinordekoari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo