GARA > Idatzia > Kultura

Eszenak

Udazkena ate joka

Dorleta URRETABIZKAIA | Aktorea eta idazlea

Udaren azken egunetan gaude. Laster egunak mozten hasiko dira eta zuhaitzetako hosto berdeak marroi bilakatuko diren neurrian, lurrerako azken bidaiari ekingo diote. Itsasoa ere, biziki haserretuko zaigu moiletako arroka eta zementuzko hormei kolpe galantak emanez. Eta kaleak iluntzen joango diren neurrian, antzokietako argiak pizten hasiko dira fikzioari hasiera emanez. Ariel Dorfman argentinarraren «Herioa eta Dontzeila» antzezlanaren irakurketa dramatizatua entzuteko aukera izan genuen duela egun pare bat Egian. Emakume batek bere torturatzailearekin topo egiten duen istorio garratz hau zinemara ere eramana izan da Roman Polanski-ren eskutik. Baina ez da guztia iluntasuna fikzioaren unibertsoan, izan ere, atzoko egunean Topaeszenikaren bigarren edizioari hasiera eman zitzaion Usurbilen.

Bertan, irakurketa dramatizatuez, poesiaz, mahai inguruez eta antzerkiaz gozatzeko aukera izango dugu lau egun luzeetan zehar. Gaurko egunean, «Teatroa eta poesia» eta «Mikelenak» izango ditugu Laboaren omenetan. Bihar, berriz, antzerki ikastaro bat eta «Oteiza ezberdin gizartea» antzezlana izango ditugu. Eta azken egunean, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen (EHAZE) mahai-ingurua izango da, baita «Munstroa» antzezlana ere. Bertan, biziraupenak bultzaturiko heriozko lehia bortitzaz arituko zaizkigu, non, gizakia munstroaren aurka borrokatuko den.

Eta antzokietako fikzioarekin batera, zinemako fikzioak ere hasi zaizkigu, Donostia Zinemaldiaren 58. edizioa hasi baita gaurko egunean. Bigarren urtez, Zinemira izango dugu, eta, aurtengoan, euskarazko zortzi film bilduko ditu orotara, horietarik bost estreinaldiak izanik: «Debekatuta dago oroitzea», «Amerikanuak», «Musika Plaza», «Sagarren Denbora. 25 urte deserritik itzultzen» eta «Ttaup, ttaup! Arraun kolpeka». Eta urteko ekoizpenei dagokienez, honako hauek izango ditugu: «80 egunean», «Mugaldekoak» eta «Simplemente». Zinemira sailaren ekitaldi nagusia Euskal Zinemaren Gala izango da, eta, bertan, Alex Angulok eramango du sail honen saria. Bestalde, Kimuak 2010eko katalogo berriaren lehenengo proiekzioa ere izango da Donostian, honako film labur hauek ikusteko aukera izanez: «Ámár», «Artalde», «Daisy Cutter», «Exhibition 19», «Lasterketa Handia», «Khorosho», «Hau mutil lagun kakontzia», «Ondar Ahorak» eta «Saria». Eta egunak mozten hasiko badira ere, hostoek azken bidaiari ekingo badiote ere, eta itsasoak zakar kolpekatuko bagaitu ere, antzerkiak eta zinemak, Porrontxoek bezala, iraunen dute zutik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo