Kaferik? Bai, hutsa eta bikoitza, mesedez!!!
Amets TXURRUKA | Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindularia
Hiru aste pasa dira jadanik etxetik Sevilla aldera abiatu ginenetik. Denbora horretan guztian, esperientzia asko bizi izan ditugu: onak, txarrak, oso onak eta ahazteko modukoak ere bai. Amestutako egoeretan ikusi dugu geure burua eta baita inoiz eta inori opa ez diodan egoera ez atseginetan ere. Baina guztiari aurre egin behar zaionez, eta lasterketak etengabe aurrera jarraitzen duenez, zailtasunak zailtasun, eguna joan eta eguna etorri, etapak bata bestearen ondoren gaindituz goaz, hanketan jadanik 3.000 km baino gehiagok eragindako nekea pilatuz.
Goizetan, jaiki eta gosari «potente» batekin egunari hasiera eman ondoren, taldeko autobusean inguratzen gara irteerako gunera. Bertan, etaparen nondik norakoak azaldu eta taldekide bakoitzaren zereginak planteatu ondoren, laneko buzoa jantzi (kulote eta maillot laranja gure kasuan), eta, sinadura kontrolera gerturatu aurretik, kafe makinatxoa martxan jarri ohi dugu. Esan bezala, 3.000 km hauek giharrak eta nerbio sistema bera ere dezente mantsotuta utzi dizkigute, eta, azken egunotan etapa hasieretan egon den lehia ikusita, aktibatzeko asmoz kafe makinatxo preziatu horretara jotzen dugu. Autobuseko arduradunak kafetera martxan jarri bezain laster, bat edo beste inguratzen da bertara: «Kaferik? Bai, hutsa eta bikoitza, mesedez!». Ene bada! Tranpatxo guztiak egin beharra dago jada gorputzari errendimendu maximoa ateratzeko!
Sekretutxoak kontatzen hasi nahiz, eta, behin hasita, denak kontatuko dizkizuet! Dena txarra ere ez da izango, eta, azkenaldi honetan, aipatutako kafe makinatxo horren aldamenean gailetatxoren bat edo beste ere izaten dugu neke psikologikoa pixka bat arindu eta kafearen mikatza gozatzeko. Ez da beste munduko ezer, baina ez duzue sinetsiko detailetxo horrek zer-nolako poza eragiten digun eta zer-nolako momentu goxoa eskaintzen digun! Halakoxe estimulu positiboetan sostengatuz pixkanaka Madrilera inguratuz goaz, eta, oraindik ere datozen hiru egunotan izerdi eta baba batzuk bota beharra izango dugun arren, igandean Castellana pasealekuan egin beharreko birak gero eta gertuago ikusten ditut!