GARA > Idatzia > Euskal Herria

Antsoaindarrek gogo handiz ekin diete aurtengo jaiei txosnetatik abiatuta

18.00etan eta ikurrinen artean, Antsoaingo herriak ongietorri beroa eskaini zien aurtengo jaiei. Bezperan Betagarri taldea izan zen festa giroa sortzearen arduraduna, eta ez zuen inolako eragozpenik izan uda osoa jaien zain eman duten herritarrak alaitzeko. Urtero legez, euskal preso politikoen aldeko brindisak ehunka lagun bildu zituen aurtengoan ere.

p015_f02.jpg

Izaro ARBILLA | ANTSOAIN

Hasiak dira iada Antsoaingo jaiak. 17.30ean txosnetatik kalejiran abiatu ziren Udaletxe plazara. Ikurrina ugari ikusi ahal izan ziren jaiei ongietorria emateko ekitaldian, eta, ostean, urtero legez, ehunka lagun gerturatu ziren euskal preso politikoen aldeko brindisera. Jarraian, 19.30ean, lagun ugari bildu ziren baita presoen aldeko enkarteladara. Izan ere, Antsoainen, festarako ez ezik, aldarrikapenerako tokia ere bada. Inor asper ez dadin, igandera bitartean iraunen dute jaiek.

Festak hasi aurretik ere, ekitaldi ugari izan dituzte aste guztian zehar. Asteazkenean, adibidez, Betagarri taldeak musikaz jantzi zuen Antsoain eta ederki girotu zuen bertara gerturatu zen oro. Kontzertua bukatuta, herriko gazte mugimenduko kideak agertokira igo ziren pasa den astearteko atxiloketak salatzeko asmoz; Antsoain bertako Rosa Iriarte bizilaguna eramateko Polizia espainolak herria hartu izana ere salatu zuten.

Uda osoa festarik festa ibili ondoren, ez da harritzekoa jai grina izatea Antsoainen. Arratsaldera arte itxaron behar izan zuten, ordea, hasiera ofiziala emateko. Erraldoi eta buruhandien konpartsa izan zen txupinazoa botatzeko arduraduna. Eguzki Eder haurren dantza taldeak emanaldia eskaini zuen ondoren Plaza Berrian. Txikienek japoniar lehergailuekin eta entzierroarekin primeran pasatzeko aukera ere izan zuten.

Herriko gazte mugimenduak, bere aldetik, hainbat ekintza antolatu ditu jaietarako txosnagunean. Ezin hobeto hasi ziren atzo, gau partean urtero egin ohi den play back eta karaokearekin. Flakutt perkusio taldearen kontzertua ere izan zen.

Gaurko Txerri Mariskada egingo dute. Finean, kaldereteak prestatutako dituzte; aurtengoan laugarren aldiz antolatu dute mariskada berezia. Ondoren, 18.30ean, Fermin Balentziak jarriko ditu kantuan Antsoaingo herritarrak. Kontzertuekin amaituko dute gaurko eguna; izan ere, rock jaialdia egingo dute txosnetan. Besteak beste, Ze Esatek taldea arituko da Antsoain Rock jaialdiaren zortzigarren edizio honetan.

Biharko, 17.00etan, zirkua izanen da txikientzat. 20.00etan, berriz, manifestaldia eginen dute Plaza Berritik abiatuta. Gauerdian, azkenik, Tximeleta taldeak dantzan jarriko du Antsoainera hurbiltzen den oro.

Igandean haurrentzako jokoekin eta Sorkun abeslariaren kontzertu akustikoarekin amaituko dira jaiak.

Iraunkortasun kanpaina

Antsoaingo Udalak iraunkortasunaren aldeko kanpaina egingo du aurtengo jaietan ere. Birziklapena bultzatzeko asmoz, edalontzi berrerabilgarriak izango dira, paper birziklatua erabiliko da, puntu berdeak jarriko dituzte herrian zehar... Emakume eta gizonen berdintasuna bultzatzeko ekimenak ere izango dira.

Egitarau ofizialari dagokionez, gauero zezensuzkoaren irteerarekin gozatzeko aukera izango dute txikienek. Horrez gain, askotariko ekitaldiak izango dituzte aukeran haurrek; gaurkoan, adibidez, «Gaur Jaiak» ikuskizuna izango dute euskaraz, 17.00etan. Bihar, berriz, Katxiporra taldearen «Las aventuras de Pelegrín» txotxongilo emanaldia izango da. Biharkoan ere haurrentzako parkea izanen da Udaletxe plazan egun guztian zehar. Su artifizialak eta umeentzako diskoteka ibiltaria ere ez dira faltako.

ROSA IRIARTE

Antsoaindarrak ez dira atxilotutako auzokideaz ahantzi. Asteazken gauean Betagarriren kontzertua bukatu ostean, hainbat gaztek astearteko atxiloketak salatu zituzten, bai agertokitik bertatik bai kalejiran.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo