GARA > Idatzia > Kultura

ZINEMALDIA

Sophie Heldman: «Ez dago bizitzarik amodiorik gabe»

Sophie Heldman alemaniarrak heriotzari eta amodioari buruz hitz egiten du atzo Sail Ofizialean aurkeztu zuen «Satte Farben vor Schwarz / Colours in the Dark» draman. Heriotza, amodioa eta bizitza bera dira filmak dakarkigun istorioaren gakoak.

Maddalen LARRINAGA |

Annita eta Fred bizitzaren hirurogeigarren hamarkadan sartuta dagoen bikote bat da. Elkarrekin 50 urte daramatzaten arren, amodioa ez da gehiegi aldatu beraientzat, noski, egun txarrak eta gatazkak beste edozeinen antzera dituzte. Hala ere, heriotza ekar lezakeen gaixotasun bat agertuko da euren bizitza, n egoera irauliko duena. Orduantxe azalduko dira erantzuna behar izaten duten galdera bortitzak. Nola nahi dugu bizi eta hil? Honi erantzuteko modu bat da «Satte Farben vor Schwarz / Colours in the Dark» film luzeak erakusten duena.

Sophie Heldman Hanburgon jaio zen eta Alemaniako telebista eta zinema eskolan eta New Yorkeko arte eskolan egin zituen zinema ikasketak. Garai hartan Sydney Pollack, Stina Werenfels, Xavier Koller eta Daniel Schmid-en zuzendaritza laguntzaile aritu zen. Atzo aurkeztutakoa bere lehendabiziko lan luzea da, nahiz eta aurretik hainbat film labur eginak dituen. Horien artean, «Icke» izenekoa Max-Ophüls-Preis jaialdian film labur onenaren saria jasotzeko hautatua izan zen eta beste hainbat lehiaketetan ere proiektatua izan zen.

Filma bukatu ostean eskainitako prentsaurrekoan Heldmanek azaldu zuenez, ez dago bizitzarik amodiorik ez badago, eta lan hau «amodioaren aldeko aldarrikapen bat» dela azaldu zuen.

Bestetik, filmeko protagonistak, Senta Bergerrek, laburki azaldu zuen ordu eta erdian pantaila handian ikusten dena: «Zu joaten zaren tokira, ni ere joango naiz». Arazo larrien aurrean bikoteak bat eginda ematen duen erantzuna da azkenean. «Heriotza eta amodioari buruzko istorio bat da», adierazi zuen Bergerrek. Aktorearen esanetan, bikotea hiltzear dagoeneko gatazka hau eguneroko kontu bat da, baina horrek ez du gaia lantzea errazten. Nolanahi ere, zuzendariak gaiak duen garraztasun hori arintzea lortu du eta film samurra dela esan daiteke.

«Satte Farben vor Schwarz / Colours in the Dark» pelikularen ekoizleak azaldu zuenez, oso interesgarria iruditzen zaio filmak beste herrialdetan nolako harrera duen ikustea. Izan ere, «amodioa eta heriotza mundu osoan berdinak dira» eta, hori dela eta, toki eta kultura ezberdinek filmean aurkezten den gatazka barneratzeko modua ezberdina izango da tokian tokian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo