40 lagun Poitierseko kartzelan izan ziren, euskal presoen eskubideak aldarrikatzen
GARA |
Euskal preso politikoen eskubideen aldeko aldarrikapena entzunarazteko asmoz, Poitierseko espetxera martxa egin zuten 40 lagunek larunbatean. 10.30 aldera iritsi ziren kartzelara eta tokiko zenbait komunikabideren aurrean prentsaurrekoa eskaini zuten. Presoen kolektiboa zer den eta horien egoera eta aldarrikapenak azaldu zituzten. Gainera, dispertsioaren mapa erakutsi zuten eta presoak non dauden eta senideek egin behar izaten dituzten kilometroen berri eman zuten.
Bestalde, Poitiersen dauden preso politikoen egoerari buruzko xehetasunak jakinarazi zituzten. Funtzionario batzuen jarrera probokatzailea salatzeaz batera, euskal presoen eskakizunak zehaztu zituzten, besteak beste, bisitak larunbatetan egin ahal izatea.
Prentsaurrekoaren ostean, herrira joan ziren, eta azoka zegoela aprobetxatuz, informazio orriak banatu zituzten bertan zirenen artean. Etxerateko kide baten esanetan, jendeak harriduraz eta interes handiarekin jaso zuen informazioa.
Etxeratek espetxeko zuzendariarekin biltzeko eskakizuna egin zuen, baina oraingoz ordezkari batekin biltzea onartu zuten. Larunbatean ez zen bisitarik izan, baina Maite Aranalde ibartarrekin oihuka komunikatu ziren. Atzo 65 lagun elkarretaratu ziren Altsasun euskal presoen eskubideen defentsan.