GARA > Idatzia > Euskal Herria

Astigarragarren marka hautsi, eta egun-pasa ederra, sagarrak batuz

Kosta egin zitzaien berotzea eta lanean hastea; baina, lehen uneko nagia kenduta, kizkia hartu eta 354 lagun elkartu ziren Done Eztebe plazan. Helburua, Astigarragak iaz ezarritako 311 laguneko marka haustea, aise gainditu zuten, beraz. Apustuak apustu, AEK-k antolatuko erronka askorentzat herri giroan egun-pasa ederra egiteko aitzakia izan zen.

p012_f01_111x111.jpg

Maider EIZMENDI I

Hamabi eta erdietan jarria zuten hitzordua; ordu erdi lehenago Oiartzungo plazaren itxura ikustea baino ez zegoen Astigarragak iaz jarritako marka hausteko intentzioa egon bazegoela konturatzeko. «Denentzako nahikoa sagar bota al dute plazan», zioen gizon batek apustua gainditzeko inolako arazorik ez zutela izango adierazi nahian. «312 egongo al dira behintzat!», erantzun zion lagunak aldamenetik.

Kolore berde argia, sagarrarena, zen nagusi jendeak soinean zeramatzan kamisetetan. Haietan inprimatutako bertsoetan ere gogoa agerikoa zen: «Astigarragakoak nahiz dotore jardun/ oiartzuarrak nola maila badaukagun/ garenez erdi etsai erdi lagun.../ Denok kizki egunaz gozatu dezagun!».

Nahiz eta asmoa nabarmena izan, hamabi eta erdiak jo, eta jendeari kosta egin zitzaion AEK-ko kideek sagar itxuran jarritako eremura sartzea. Askok nahiago izan zuten denbora jan eta edanean eman eta azken unean batzea. Lehen minutuetan sartu ziren askori damutu ere egin zitzaien seguru asko, parte hartzaileek behin eta berriz errepikatu behar izan baitzuten egin beharrekoa: kizkia altxatu, makurtu, sagarra hartu, kizkia altxatu eta, azkenik, saskira bota. Errepikatuaren errepikatuaz, gaur baten batek giharretako min ederra izango du akaso. Ordu bata eta erdietan jarria zegoen denbora muga eta hura jotzerako jendea pixkanaka sartu eta tokia hartzen hasi zen.

Proba gehiago egin, irrintzi bat bota eta kizkiari muturreko kortxoa kenduta, errepikatu zituzten denek egin beharreko pausoak. Guztiak mantso-mantso, garabiaren gainean igota zegoen argazkilariak jaso behar baitzituen denak froga gisa.

Arazorik gabe. Iaz Astigarragan 311 lagun bildu ziren kizkiarekin sagarra biltzen; aurten Oiartzunen 354 batzea lortu dute. Haien artean zegoen Marijo Diez. Oiartzungo bizilaguna lehen aldiz aritu zen atzo sagar bilketa lanetan. «Ez fin ez eta oso trakets» aritu zela kontatu zuen, baina estiloak estilo giro paregabea zegoela eta apustuak egun-pasa ederra egiteko aukera behintzat eman ziela onartu zuen.

Antolaketa lanetan ari zen Gaizka Gartzia gustura zegoen erronkaren ostean: «Jende askok ez zuen iaz Astigarragan egindakoaren berri eta horregatik kosta egin zaio animatzea, baina erantzuna ona izan da». Izan ere, salgai jarritako kamiseta guztiak saldu ziren eta nahi eta lortzerik izan ez zuenik ere izan zen.

Marmitako lehiaketa

Sagar desafioa egiten ari ziren lekutik metro gutxira, udaletxeko arkupeetan, ari ziren jo eta su Idoia, Maixabel eta Ainara marmitakoa prestatzen. Lehiaketa amaitzeko hogei minutu falta zirela bozgoragailutik abisatu, eta orduan hasi ziren zalapartan hegaluzea lapikora botatzen. «Bero-bero dago salda eta segida batean egiten da», ohartarazi zuten. Ordurako pare bat ordu bazeramatzaten su ondoan. «Tipula, piperra eta baratxuria frijitu, patata bota, gero, hegaluzearen azal eta hezurrekin egindako salda gehitu eta, azkenik, tomatea eta piper txorizeroak... Horiek mantso-mantso egosi behar izaten dira hegaluzea bota aurretik», azaldu zuten, euren sekretu bakarra sukaldean darabilten maitasuna eta mimoa direla behin eta berriz nabarmentzen zuten bitartean.

Osagaiak bota eta bota, lapikoa toperaino bete zuten eta erdia bidean galdu gabe hura bazkaltzeko tokiraino nola eraman behar zuten galdezka ari ziren. Alferrik galtzeko arriskurik ez zegoen baina, lehiakideek prestatutako marmitakoek eman behar baitzieten jaten desafioaren ostean ospatu zen bazkarian izena eman zuten herritar guztiei. Arratsaldean apustuekin jarraituz, auzoen arteko lehian aritu ziren nork sagarrak azkarrago batu eta garraiatu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo