GARA > Idatzia > Kirolak

ITSASOA

Enbata edo galerna: barearen osteko ekaitza

Ohikoa da irailean hego haizea, itsasoaz gozatzeko hil paregabea, baina haize goxoa kolpe batez anabasa bihur daiteke.

p042_f01.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA I

Uda amaitu den arren, oraindik izaten dira egun eguzkitsuak. Baita udan baino egun beroagoak ere. Egun bero horiek hego haizea izaten den egunak dira, udaberrian eta udazkenean batik bat. Egun zoragarriak izaten dira kostaldean txango bat egin edo hondartzara gerturatzeko, uda osteko lasaitasunaz gozatzeko baina, abesti ezagun batek dioen moduan, barearen ostean dator ekaitza.

Itsasoa lagun bada eta olatuak handiak badira, gurean izan dezakegun haizerik onena da hego haizea. Itsasoak kolore bizia izaten du eta ura garden ageri ohi da, ez baita ur azalean kizkurdurarik izaten, haizea indartsuegia ez badabil behintzat. Baina kontuz, tenperaturak oso altuak diren egunetan gauzak une batetik bestera alda daitezke-eta. Egun osoan beroa pilatzen joan den globo bat zulatuko balitz bezala, bat-bateko aldaketa etor daiteke, fronte hotzarekin haizearen tenperatura, norabidea eta indarra aldatu egiten da, eta ondorioak neurgaitzak izan daitezke.

Bat-bateko aldaketa horri galerna edo enbata deitzen zaio. Zenbait arrantzalek aldaketa eragin duen haizearen arabera, izen bat edo bestea ere erabiltzen dute, haize hotzak dakarren norabidea bereizi asmoz, baina orokorrean bi izenak zentzu berean erabili ohi dira. Gero, lekuan lekuko izenak ere aurki daitezke, «galarren», «txirimillo», «zirimili» edota «bidazoi», esate baterako.

Normalean, ipar-mendebaldetik datorren haize hotz batek bat-batean jotzen du ordura arte Afrikako lurraldeetatik zetorren haize goxoa, eta segundo gutxitan patxadan zegoen ingurunea harrotu eta ilundu egiten da. Egun eguzkitsua laino ilunez estaltzen da eta euria erruz hasten da, tanta lodi eta hotzekin. Lehorrean bagaude, babestu gintezke, baina itsasoan ez dago non babestu. Haize ufada bortitzek «katxopak» eta uhin handiak altxaraziko dituzte, norabide anitzetako kaosean.

Enbata noiz iritsiko den jakiterik ez dago, baina hori iragartzen duen zantzurik izanez gero, hego haizeko egun sargorietan adibidez, onena ez itsasoratzea izaten da. Batzuetan, portuko arrantzaleak beraiek izaten dira abisu ematen dutenak eta norbait itsasoratzera doala ikusiz gero, aholku ematera gerturatu ohi dira. Itsasgizonek aspalditik ezagutzen baitituzte bat-bateko aldaketa bortitzen ondorioak.

Enbatek zorigaitz ugari eragin izan dute gure kostaldean. 1878ko apirilaren 20an, 300 arrantzalek baino gehiagok galdu zuten bizia Kantauri itsasoan. 1908ko ekainean eta 1909ko maiatzaren 24an ere izan zen zorigaiztoko enbatarik. Baina ezagunena, gurean behintzat, 1912ko abuztuan jazo zen. Bermeon bakarrik, 119 arrantzale eraman zituen itsasoak. Zirrara handia sortu zuen gertakariak, eta hileta elizkizunetan Alfonso VIII.a erregea eta garaiko zenbait ministro ere izan ziren.

Kontuan izan behar da garai haietan arrantzale askok ez zekiela igeri egiten eta ontziak ere ez zirela egungoak bezalakoak. Itsas zabalean, kostatik 50 bat miliara, gehienez 15 metroko luzerako txalupa batean eta motorrik gabe, arraun soilez, ez dago zeregin handirik bat-batean armonia galdu duen eta hautsia dirudien itsaso baten aurrean.

Hildakoak eragin zituen azken enbata 1987. urteko ekainaren 7an gertatu zen: bi hildako eta 13 zauritu.

Urtean bi edo hiru enbata izaten dira batez beste, baina enbata izateko arrisku egunak gehiago izan ohi dira. Bi edo hiru ordu lehenago iragarpena egitea teknikoki ezinezkoa da. Batzuetan, enbata sortzeko aukera handia dagoenean pixkanaka sartzen da itsas haize leuna eta ez da aparteko aldaketarik izaten. Beste batzuetan ordea, ustekabean gertatzen da.

Enbata nola gerturatzen den erraz ikusten da, ipar-mendebaldetik datozen hodei ilunak erraz ikusten dira, baina segundo gutxiren buruan gainean izaten da. Beraz, lehorretik urrun egonez gero, ez du ihes egiteko betarik ematen. Surflariek, aldiz, olatu bat hartu eta urertzera iristeko denbora izaten dute.

Hondartzan harea zakar arrotzen da eta batzuetan hainbestekoa izaten da haizearen indarra, ezen hondar aleek gure azala jotzean min ere egiten duten. Surflarien kasuan onena, urertzean eseri, taularen gainean harea bustia jarri (haizeak taula eraman ez dezan) eta minutu batzuk itxarotea izaten da. Izan ere, lehen kolpe baten ostean, pixkanaka haizea baretzea da ohikoena. Taula haizeaz babesteko ere erabil daiteke, baina beti ere berau haizeak eramango ez digula ziur bagaude, gertatu izan baita enbata baten ostean surf taularen bat mendi puntan agertzea.

Hossegorren, ekialdeko haizea

Irailaren 25a eta urriaren 5a bitartean ospatuko da Hossegorren maila goreneko (WCT) munduko surf txapelketa. AEBetan ospatu berri den Trestleseko txapelketaz geroztik eta zirkuitua amaitu bitartean soilik 36 surflarik hartuko dute parte. Txapelketa ikusgarria izaten da, olatu bikainak hondartzatik oso gertu lehertzen direnez, surflariak gertutik ikusteko aukera paregabea izaten baita. Hossegorren kokalekuaren norabidea aldatzen denez, ekialdeko haizea da egokiena. Beraz, ez harritu gure kostaldean hego haizeak sortutako olatu onei muzin egin, eta behin hara iritsita haizea narras antzera dabilela topatzen badugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo