GARA > Idatzia > Kirolak

Itsasoa

Enbaten grazia

Surflari ernegatua I

Surflari guztiok harrapatu gaitu noizbait enbataren batek itsasoan. Bat-batean gero eta gertuago ikusten dira orain hogei segundo urrun ziren hodei ilunak eta lepoa biratzerako haize hotzak zorrotz kolpekatzen dizu garezurra. Urertzera iristean, haizeak taula eskuetatik erauzi nahi digula konturatzen gara, eta bi besoekin taula besarkatuta batera eta bestera astintzen gaitu ufada bakoitzak. Momentu gogorrak izan daitezke, baina begirada hondartzara zuzentzeko betarik hartuz gero, gozamena da.

Nola maite dudan itzalkinak eta oihal-etxeak airean ikustea, jendearen histeria, oihuak, harea airean, terrazetako plastikozko propagandadun mahaiak nora ezean, zuhaitzak oker eta Gurutze Gorriko soroslea norbaiten buru gainera erortzekotan dauden bozgorailuetatik «galerna dator» esaten. Maite dut naturak zein txikiak eta eskasak garen erakusten digun aldi bakoitza.

Moral zaleek zorigaitzaren zain ote nagoen galdetuko didate, galdetzeko baino leporatzeko duten eskolan hain ongi ikasitako tonu txatxu horretan. Noski ez dudala benetako zorigaiztorik nahi, nahiz eta gizakiak gizaki den heinean eta natura txikitzeko duen berezko joera horrekin tarteka hondamendiren bat edo beste ongi merezia duela uste dudan. Egun ordea, enbatek ez dute lehen adinako kalterik sortzen eta, aldiz, gizakia bere onetik ateratzeko bertutea dute, ustekabean harrapatzeak gizakiaren drama komedia bihurtzen baitu eta oraindik ere enbatek ustekabean atzematen gaituzte. Nahigabean, larrugorritan geratu den inozoa bezala atzematen gaitu eta horrek, ez didazue ezetz esango, grazia egiten du.

Norbaitek txirrindutik erortzean jarri duen aurpegiak egiten digun graziaren aurrean zenbat aldiz begiratu behar izan dugu beste aldera, alditxartuak barrez igarri ez gaitzan? Batzuetan erori den lagunak min hartu du, baina ikaragarrizko grazia egiten digu. Moral zaleek ez, ez dute barrerik egiten eta gainera irriz ari den laguna salatzen dute, zauritu berriak entzuteko moduan «etzak barrerik egin» ozen esanaz. Koadrila guztietan dago horrelakoren bat, barrerik egiten ez duena. Barrerik egiten ez duena, ostia handiago bat nahi zuelako.

Erorketa xelebreen aferak egunetarako irria gorde diezaguke. Gutxien espero dugunean ikusitako erorketa harekin oroitu eta barrez hasten gara, edonon gaudela ere. Oso ohikoa izaten da olatu baten azpitik zeharkatzera goazenean norbait erortzen ikusi eta ur azpian barreari eutsi ezinik ura sudurtzuloetatik iraitziz kanporatzea.

Hala eta guztiz ere, surflariok badaukagu enbatak maitatzeko beste arrazoi bat. Askotan enbatarekin batera olatuen altuerak gora egiten du eta ipar-sartaldeko haize hotz eta indartsuen ostean, olatu ederretako egunak etorri ohi dira.

1989an Zarautzen egin zen munduko surf txapelketa dut gogoan. Benetako munduko surf txapelketa zen. Garaiko aldizkarietako azaletan ageri ziren surflari guztiak genituen gurean. Sunny Garcia hawaiiarra eta Nicky Wood australiarra kanporatuak izan ziren finalerdietan. Finalerdiak ikuskizun handikoak izan ziren; Sunny oso ezaguna zen Zarautzen eta Nicky 18 urte besterik ez zituen etorkizun handiko surflaria zen, munduko titulua lortzeko aukera handiak zituena, baina parrandari gogo handiagoz ekin zion eta Australiako taberna zuloetan desagertu zen. Azken txandan Derek Ho hawaiiarra eta Martin Potter hegoafrikarra izan ziren buruz buru lehian. Borroka gogorra izan zen, olatuak oso txikiak baitziren. Azkenean Derek Hok irabazi zuen. Bi morroiak uretatik ateratzen ari zirela enbata sartu zen eta olatuak pixkanaka gero eta handiagoak ziren. Sari banaketen ostean olatuek bi metroko altuera zeukaten. Oso denbora gutxian handitu ziren olatuak.

Hurrengo egunean olatuek lau metroko altuera zuten eta hego haizea zebilen, ahantz ezinezko baldintzak. Oraindik hegazkina hartu ez zuen lehiakide askok Mundakara jo zuen lehen aldiz eta ikuskizuna itzela izan zen. Ordutik are ezagunagoa egin zen Mundakako olatua.

Badu Mundakako olatuak garaiz kanpo agertzeko joera. Orduko hartan olatu eskasak izan ziren Zarauzko txapelketan eta amaitzean enbatarekin batera etorri zen aldaketa. Orain bi urte, 2008an Mundakan ospatu zen munduko surf txapelketan (hau ere benetako munduko surf txapelketa zen, WCT baitzen) ez zen olaturik izan. Txapelketa amaitu eta egun gutxira, ordea, urteetan izan den itsasaldirik ederrena izan zen eta Mundakako barran olatu ezin hobeak ikusi ahal izan ziren.

Aurtengo udan ez dugu enbata garrantzitsurik izan. Irailean oso ohikoak dira hego haize eta tenperatura altuko egunak. Ea zorte pixka batekin enbataren batek udazkenerako hondoak behar bezala uzten dituen eta eragin ditzakeen kalteak salbu, 1989ko iraileko egun hartan bezala, itsasaldi bikain bat eskaintzen digun. Ez dago sekreturik, adi egotea besterik ez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo