GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

kirol eskalada Jarduerak

Euskal eskalatzaileak fin bistaz nahiz landutakoetan

Patxi Usobiaga argi asko erakusten ari da arrokan ere sasoiko dabilela. Besteak beste, 9a landuta eta 8c bistaz erdietsi ditu. Araotzeko Korea sektorean mugimendua izan da. Eta 17 urteko Jon Ander Bravok bere lehen 8c sinatu du: «White Zombie».

p046_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA I

Kirol eskaladako euskal espezialistak gogotsu ibili dira amaitzear den uda honetan. Bederen, emaitza edo kateatze adierazgarriak erdietsi dituzte. Beste behin, Patxi Usobiagak erakutsi du talde horretako ordezkari indartsuena dela. Nazioarteko lehiaketetan oso sasoiko eta fin dabilela adierazi digute eibartarrak sinatutako emaitzek. Eta, jakina, arrokan ez da atzean geratu. Bistaz, adibidez, oso jardun politak egin ditu. Austriako Sparchen eskolan 8c graduko bide bat poltsikoratu zuen: «Absinth». Denbora zeraman estilo horretan zailtasun horretako biderik egin gabe. Pirinioetako Troubat-en beste 8b+ egin zuen: «Silence». Eta Gorges du Loup-en (Frantzia) ia beste balentria bat lortu zuen. Azken mugimenduan «Justonefix» bidean (8c+) bistaz erori zen.

Landutakoetan, berriz, Usobiagaren beste kateatze batzuk aipatuko ditugu: «Punt-X. Gorges du Loup», «Koldoren Munduak» (antza 8c-n geratu da, Araotz) eta «La Trave de Aker» (8b+ zeharkaldikoa, Apiñaniz).

Araotzen, mugimendua

Bai, batez ere Korea sektorean. Uda aldean ez du batere berorik egin, eta euskal eskalatzaileek zein nazioarteko beste batzuek baldintza egoki horiek ondo baino hobeto aprobetxatu dituzte.

Hemengo eskalatzaileei dagokienez, Aimarrek «Honki Mix» (8c+) zazpi saiotan kateatu du. Iosu Martinezek, bestalde, «Honki Tonky» bidea (8c) egun berean egin du. Eta Mikel Ziarrustak, «Koldoren Munduak» (8c) marra. Araotzeko bide horretaz gain, gasteiztarrak zailtasun bereko beste bat kateatu du Gaubean: «Gezurren erresuma».

Eta kronika honekin amaitzeko, Jon Ander Bravok Baltzolan eginiko jarduera aipatuko dugu. 17 urte besterik ez ditu, baina indartsu dagoela erakutsi du. Horren erakusgarri da «White Zombie» kateatu duela. Baltzolako 8c klasiko horri esker, Bravok bere lehen 8c lortu du.

Lehiaketetan fin zebilela bagenekien, baina arrokan bat baino gehiago harritu ditu. Izan ere, bi urte daramatza eskalatzen, eta 8c gradura iritsi da. Duela bost hilabete 8a-n zegoen, eta bere lehenbiziko 8b orain dela aste batzuk sinatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo