GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

zortzimilakoak Erronka handia

Lhotseko hego hormak badu aurrerantzean erronka erakargarririk

Israel Blanco, Jordi Corominas eta Jordi Tosas Nepalgo zortzimilakoaren pareta ikusgarrian bide berria zabaltzen saiatuko dira era alpinoan. Berez, egun horma horretan dauden hiru marra lotzekotan dira.

p047_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA I

«Beste behin, geure bidea jorratzen jarraitzen dugu; beti ere amets efimero horiek bilatzen, haurrak izaten uzten digutenak. Mendi erraldoien paretak berriro igotzeagatik eskerrak ematen ditut. Oso urruti bizi diren mendi horiek, gailur garaienen lorategian daudenak, oraindik ere yetiak bizi diren basoetatik gora dauden mendi horiek...»

Horrela mintzo zaiguna Jordi Tosas da. Horrelaxe hasten da orrialde hauetara bidali digun mezuaren testua. Lerro horietan, gainera, hitz poetikoak eta mistikoak idazteaz gain, alpinista katalanak erronka interesgarri baten berri ere ematen digu: «Orain dela bi urte bezala, berriro Lhotseko hego hormara noa. Espedizio hartan bakarka jardun nuen; berri hau, berriz, Jordi Corominas eta Israel Blanco kideekin partekatuko dut».

Hain zuzen ere, orri hauek jaso zuten Tosasen aurreko saioa. Eta saioa diogu, bere helburua, gailurra zapaltzea, ez zuelako erdietsi: «Duela bi urte bakarrik joan nintzen. Tomo Cesen esloveniarrak zabaldutako bidea jarraitu nuen, baina atzera egin behar izan nuen. Nahiko berandu joan nintzen, pareta oso lehor zegoen eta eskalatzeko behar adina gailurik ez nuen».

3 bide lotu

Espediziokideak joan den astean abiatu ziren Katmadura. Benetako era alpinoan igo nahi dutenez, girora egokitzeko fasea ez dute hego horman egingo. Aklimatatzea puntu-puntuan dutenean, berriz, oso igoera gutxi dituen hormatzar ikusgarri eta zail horretan sartuko dira.

Tosasen aurreko espedizioan ez bezala, oraingoan beste helburu bat dute: «Nahiz eta bide berri bati buruz hitz egin, geure asmoa hiru bide lotzea da. Behealdean, Christophe Pofitek jarraitutako bidea hautatu dugu. Goialdean, 8.000 metrotik gora, «Kukuczka» bidea (marra hori zabaltzen zendu zen poloniarra). Eta erdialdea nahiko erosoa da. Elurretako maldak jarraitu behar ditugu; finean, aipatutako bi bide horiek lotzeko balio dute».

Jordi biak ezagututa, nahikoa argi zegoen eskalatzeko planteamendua era alpinoa izango zela. Eta, jakina, hala izango da. Hego pareta eskalatu dutenen artean soilik Cesenek (ezbaian jarri zen bere gailurra) erabili du estilo alpinoa.

Aukeratutako marrari dagokionez, hirukoteak jakin badaki zailtasun tekniko garrantzitsuak gainditu beharko dituela: «Pareta osoa, 4.000 metro, oso tentea da. «Erasotzeko» une egokiena hautatu behar dugu. Garaiz joaten bagara, elur askorekin egingo dugu topo. Eta berandu bada, orduan lehorra, hotza... Teknikoki zailena 7.000 eta 7.500 metro artean dago. Eta, jakina, gailurreria, 8.200 metrotik gora, oso gogorra da. Friend eta iltze sortak eraman beharko ditugu!».

Aipatu beharra dago ere Blancoren (alpinista zaildua) lehen esperientzia dela garaiera horietan: «Aklimatatu ondoren, paretan sartzeko erabakia hartuko du».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo