GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Gurea hobetsi

Sindikatuek egun bakarreko grebak deituz negoziatzen jarraitu nahi dute, baina Estatuak erakusten duen determinazioaren aurrean greba luzeak baizik ez dio langileriari indar harreman honetan jarrera ona ekarriko. Horretaz ez diote deus sindikatu nagusiek

Berriak azkar dabiltza, jauzi handien egiteko nahikeria irakurtzen dugu egunkarietan. Alta, eguneroko errealitateak besterik ekartzen digu ere. Larunbat honetan autobusak joan dira Baionatik bi euskal presori sostengua adieraztera, jasanarazten zaien tratu txarren salatzera. Frantses presondegietan ere bultzaka ari baitira. Presoen gaineko presioa azkartzen ari dira, estatuak Euskal Herriko gatazka kanpoko arazoa dela erraten jarraitzen duelarik. Bestalde, ostiral arratsean Hendaiako geltokiko giroa ikusgarria zen: familiak bilduak, presondegietarako bidea hartzeko prestatzen. Deigarria, jende multzo handia baitzegoen zain, adin guztietakoak, 170 pertsona baino gehiago daudelako frantses presondegietan, sekulan ezagutu ez dugun zenbakia!

Eta gazteak, gazteak euro-aginduaren zain, alegia, kanpoko gobernu baten agindua goaitatzen presondegira zuzenean joateko, delitua praktika politiko hutsa delarik askotan. Europan gaude eta justizia justizia nagusien arteko aginduak betetzera doa, militante politikoa izateagatik preso, auzia, muga bestaldera eta berriz preso. Horretaz salaketa gutxi inguruan. Gertaera batzuei ez zaie garrantzirik ematen, gainera gazte independentistak dira eta hau bai ez duela oihartzun onik azkarrak jarraitu nahi duten estatuetan, eta alderdi nagusietatik hurbil ibili nahi dutenengan.

Hori guztia estaltzen delarik prentsa handiak begiradak beste eremuetan kokatzen ditu. Erromen gaineko debateak bultzatu dira, lehen esperientzia da eta ondorioa da Pariseko Gobernuak ez duela gibelera egin nahi. Gero eta urrunago doa eta ez zaio mugarik ikusten, beldurraren hedatzea baita helburua. Gobernu honek ez du ondoko hauteskundeetan irabazteko aukerarik hain bilana txarra duen. Aberatsen aldeko politikak agerian uzten du jendarteak dituen arazoei erantzuteko gaitasunik ez duela, alderantziz, langileei faktura pagarazi nahi diela frogatzen du: segurantza sozialak, hezkuntzak eta erretreten erreformak panoramaren ideia argia ematen digute. Gobernu honi gelditzen zaion aterabide bakarra beldurra hedatzea da eta sinetsaraztea egoera latzaren aurrean segurtasunaren gakoa berak duela. Erromen estigmatizazio iraingarria merke atera zaio, jendarteak ez baitu inoiz harreman sinplea bizi izan jendarte ibiltariekin. Bestalde, lan horretan bultzaka ari da Gobernua, UMPko hautetsi bat, M.T. Sanchez, Kataluniara igorri dute erromen estigmatizazio ekintza baten antolatzera tokiko hauteskundeak baino bi hilabete lehenago, ea beste lurraldeetan beste su batzuk piztuz berearen estaltzeko bidea ireki daitekeen, eta beste gobernuen babesa lortu, ildo horretan jarraitzeko. Beldurra osagai interesgarria izan da beti bozen lortzeko.

Aste honetako giroa izango da, zurrunbiloan kokatu nahi gaituzte gure interesak azaletik ezabatzeko. Erretreten erreforma mahai gainean baita oraindik. Egon diren mobilizazioek ez dute deus geldiarazi. Sindikatuek egun bakarreko grebak deituz negoziatzen jarraitu nahi dute, baina Estatuak erakusten duen determinazioaren aurrean greba luzeak baizik ez dio langileriari indar harreman honetan jarrera ona ekarriko. Horretaz ez diote deus sindikatu nagusiek. Abertzale eta langile gisa heldu diren garaietan gure interesak non dauden neurtzeko lanetan ibili beharko gara, gure buruaren babesteko indar guztiak beharrezkoak izanen baitira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo