GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Azken geltokia, Madril

Markel IRIZAR I RadioShack taldeko txirrindularia

Sevillan igo ziren 198 txirrindulari, espainiar Estatuan zehar 21 egun luzez ibiliko zen tren koloretsura. Hainbat geltokitara iritsi eta gero, azken geltokia Madrilgo «Castellanako» pasioa delakoan izan du. Hurrengo urtera arte, trena txukun-txukun gordeta egongo da, berriz ere Benidormeko irteeran bagoi koloretsuak erakutsi arte.

Lehen egunetan, Columbia eta Omega Pharmako koloreak izan zituen lokomotorak. Haien aitzinetik, Igor Antonen taldearen laranja izan zen jaun eta jabe, eta, azkenik, Katushako zuri-urdinaren ondoren, Liquigasen berdeak gidatu du trena, Madrilgo bideetan zehar.

Liquigasek, sekulako denboraldia egin eta gero, bigarrenez izango du bere txirrindulari bat itzuli handi bateko koska gorenean. Bassorekin Giroan gailendu, eta Nibali bera hirugarren kokatzeaz aparte, urte berean Vuelta hau irabaztea lortu dute. Beraiek dira aurtengo denboraldian arrakasta gehien lortu duten taldeetariko bat.

Baina Liquigasez gain, badaude itzuli honetatik lanak ondo eginda joango diren beste batzuk ere.

Bigarren postuan bukatu duen txirrindulariak, Ezequiel Mosquerak, eta bere taldeak ez dute berehalakoan itzuli hau ahaztuko. Sailkapen nagusian bigarren izateaz gain, etapa erregina irabazi dute, eta itzulia irabaztetik gertu ibili dira. Balentria hori lortu izan balute, egon ziur batek baino gehiagok bihar bertan hasiko lukeela Madrildik Santiagorako erromes bidea.

Eta bukatzeko, Euskaltel Euskadiren itzulia nabarmendu nahi dut. 3 etapa irabazteaz gain, talde trinko eta borrokalariaren itxura eman dute Ametsek eta bere taldekideek eta, nire uste apalean, Mikel Nieve leitzarra izan da lasterketako ezustetariko nagusia.

Vuelta hasi aurretik, denboraldi bikaina zeramaten, eta orain txapela kentzeko modukoa izan dela onartu beharra dago.

Batzuk eta besteak, alaiago edo tristeago, beraien maletatzarrak hartu, eta tren koloretsutik jaitsita, honezkero etxera helduak dira. Hurrengo urteko ekitaldiaren zain, Benidormeko irteeran egongo den trenera igotzeko txartelak erosteari ekin beharko diogu Radio Shackeko kideok, zeren kirol irizpideen argudiopean, horrenbeste desio genuen bidaia egin gabe geratu behar izan dugu, urte osoa txartel hura erosteko dirua aurrezten pasa ondoren.

Ba, besterik gabe, Ametsen eta neure izenean, geure desiorik onenak gure irakurle fin guztientzat eta, hurrengo batean ere txoko berean topo egingo dugun esperantzaz, agur bero bat guztioi.

Hurrengo urtera arte, besarkada estu bat eta zintzo portatu!

Markel eta Amets.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo