sega
Joxe Gabirondo onena izan da sega handiarekin
Jon LEUNDA I
Emaitza bikainak lortu dituzte Alemanian izan diren euskal segalariek. Hala ere, onena, Joxe Gabirondok eskuratu zuen, nagusi izan baitzen sega handiarekin.
80 segalari inguru izan dira Alemanian jokatu den nazioarteko lehiaketan. Euskaldunak, maila nagusian, emakumezkoetan eta beteranoetan hartu zuen parte.
Emaitzarik onena sega handiarekin heldu zen. Bertan, Joxe Gabirondo gazteluarrak irabazi baitzuen, denbora bikaina eginez. Bere atzetik, Euskal Herrian ezagunak diren bi segalari sailkatu ziren. Bigarren, Schmidt sailkatu zen eta, hirugarren, berriz, Heinz. Biak ere orain dela hilabete eskas izan ziren Euskal Herrian Mitxelenaren eta Goenagaren aurka apustua jokatzen.
Gabirondok lehen postua eskuratzeaz gain, lehenengo hamar postuetan beste hiru euskal segalari ere sailkatu ziren. Mendizabal zazpigarren izan zen, Altzo, bederatzigarren eta Mitxelena, berriz, hamargarren.
Taldekako lehian ere euskaldunek lan bikaina egin zuten, Gabirondok, Mitxelenak eta Agirrezabalak osatutako taldeak bigarren postua eskuratu baitzuen, alemaniarren atzetik. Alemaniako talde horretan ziren Heinz eta Schmdit.
Beste euskal talde bat ere aritu zen maila honetan, eta horiek ere lan bikaina egin zuten, bosgarren postua eskuratu baitzuten.
Sega txikiarekin ere ez ziren gaizki aritu, izan ere, Agirrezabalak hirugarren postua eskuratu baitzuen. Lehen postuan Schmidt geratu zen, eta bigarrenean beste alemaniar bat, Mayer, hau ere ezaguna Euskal Herrian, askotan izan baita hemen lehiatzen. Maila honetan, beste lau ere sailkatu ziren lehen hamaika postuetan. Altzo laugarren izan zen, Mendizabal, seigarren, Gabirondo, zazpigarren, Izagirre, bederatzigarren eta Mitxelena, hamaikagarren.
Beteranoen mailan ere emaitzak oso onak izan ziren. Pabi Astondoa bizkaitarrak bigarren postuan amaitu zuen. Bere aurretik Arnold Karl suitzarra izan zen. Maila honetan, Joakin Garmendia anoetarrak bosgarren postua eskuratu zuen.
Emaitzarik apalenak emakumezkoetan heldu ziren. Ixabel Antsak seigarren postua lortu zuen eta Irati Astondoak, hamargarrena.
Bihurri
Ernesto Ezpeleta Bihurrik 56 minutu eta 39 segundotan bota zuen bueltan 3,5 metro zituen enbor handia. Azkoitiko plazan izan zen herenegun ilunabarrean, eta jende asko batu zen bere erakustaldia ikustera. Egur handietan trebea da eibartarra, markak ere ugari egin izan baititu, baina larunbatekoa erakustaldi moduan egin zuen. Hala ere, lan ona egin zuen. Pago enborra izan zuen aurrean eta oso ona atera zen, eta hori ere beti lagungarri izaten da.