GARA > Idatzia > Kultura

Oxkaxeko lepoan burua agertu zuen Odei Barrosok Bertsolari Txapelketako lehen saioan

Urruñako Odei Barroso bertsolari gazteak irabazi zuen Muskildiko kanporaketa saioa. Patxi Iriart izan zen bigarren eta berak ere finalerdietan mikrofono aurrean kantatuko du. Abian da txapelketa.

p058_f01_199x112.jpg

Zuraide ETCHEMENDY |

«Neskenegüna» esaten zaio Zuberoan larunbatari, eta Iparraldeko Bertsolari Txapelketako lehen kanporaketa saioan ohore egin zitzaion izen horri; bertsolariak gizonezkoak ziren denak, baina entzuleen artean nesken bisaiak ageri ziren nagusiki. Muskildin jokatu zen lehen kanporaketa hori, Oxkaxe mendiaren magaleko herri tipi eta ederrean. Zuberoako ikastolek atondu zuten Posonpesenea aretoa afari baten baitan; txartel guztiak finitu zitzaizkien ordea eta saioa ikusteko parada eskaini zieten lekurik gabe gelditu zirenei, orotara 140 bat lagunek mukuru bete zuten gela.

Baldintza ezin hobeak, beraz, XXX izendatua den bertsolari txapelketaren suziria pizteko. Eta saioak ez zuen nehoren desira atsekabetu. Bisaia berriak ageri ziren kantura bildutakoen artean, Ramuntxo Christy eta Joanes Etxebarria adibidez. Azken hau Barkoxekoa da, uneotan kantuan ari den zuberotar bakanetakoa eta, etxean kantatzen zuela profitatuz, saio bizi eta polita eskaini zuen. Entzuleen esku zarta luzeak eragin zituen eta hamarreko txikian eginiko potoak finkatu zuen laugarren postuan, gorago gelditzea merezi baitzuen.

Denen gainetik, hala ere, Odei Barroso nabarmendu zen. Berak lortu zuen lehen postua 215 puntu eskuratu ondotik, eta bere bertsokeran maila bat gora igo duela erakutsi zuen, goxotasun eta lasaitasun handiz kantatuta. Aipatzekoa da zortziko handian Barrosok eta Etxebarriak eginiko lana. Honakoa zuten gaia: bakarrik bizi zareten bi lagun zarete, kafe bat hartzeko ostatu batean elkartu eta bakardadeaz mintzo. Etxebarriak «mintzatu nahi nüke hiekin ene barnen düdan kezkaz/Odei egiazki aspertürik niz ni bakarkako lanetaz» erran eta Barrosok «bakarkakoa aipatu duzu ta bihotza zait bigundu/bakarkakoan, ordea, ezin zaitut askorik lagundu» erantzun zion maisuki, bigarren bertsoan bere bakardadeak «arrangüratzen» zuela aipatu zuen Etxebarriak eta honela erantzun zion Barrosok: «Galdera bat dut ta argitzea oraintxe dut nere xede/nolaz bakarrik sentitzen naizen zurekin egonda ere»; azken bertsoa honela amaitu zuen Etxebarriak «hale min hori ttipitzen zitak beti izatez hiekin/kafiak bazter ditzagun eta bi garagardo galtegin» eta ikusgarria izan zen Barrosoren kolpea; hona bertsua osorik: «Ba ni hobeki moldatzen nauzu akaso whiskyarekin/haren alkoholak duen gogorra barrenean zait atsegin/eta taberna aldera bihar ni itzuliko naiz berdin/ea kafea hartzen ahal dudan azukre koxkor batekin».

Patxi Iriartek lortu zuen bigarren postua eta, horrenbestez, finalerdietarako txartela, hutsik gabeko saioa burutu, eta tartean-tartean eskaini zuen ale politik. Ximun Cazaubonek Iriartek baino 5 puntu gutiago eskuratu zituen eta sailkatzeko puntuen beha egon beharko du gorako bidean datorren bertsolari honek. Christyk freskotasun eta ironia handiarekin ideia sotilen bilduma ekarri zuen kantura. Hirigarayk itxi zuen zerrenda, baina hain gaztea izanki, aitzinetik bide luzea duela erakutsi zuen. Plazer bat izan zen bertsolariokin Zuberoako txoko ederrak kantuz josiak ikustea. Biba zuek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo