GARA > Idatzia > Kultura

ZINEMALDIA

Kulturen arteko «koktela», gizarte sistemarekin etengabeko talkan

 

p052_f02_097x159.jpg

Ariane KAMIO |

70eko hamarkadako eskoziar gizartea eta, are zehatzago, gazte taldeen arteko kale istiluak erakusten ditu Peter Mullanek «Neds» filmean. John McGill (Connor McCarronek antzeztua) bigarren hezkuntzan sartzear dago. Mutiko azkarra da, sentikorra, eta ikasteko gogo handia du, baina guztia kontra dauka. Bere familia oso behartsua da, eta aita biziki gorroto du, mozkorra eta zakarra baita. Irakasleak ere aurka ditu hasiera-hasieratik eta anaia zaharrenak, Bennyk, eginiko «bekatuengatik» zigortzen dute. «Ned» hitzak ingelesez «non educated delinquent», hots, «heziketarik gabeko delinkuente» adierazten du. Mutil gaiztoak dira, armatuak eta harroputzak: droga merkeak, glam rocka, sexua, indarkeria eta adiskidetasuna. Glasgowko munstroak eta heroiak direla esan daiteke. Bennyren ospeak babesten du anaia. Beldurrez, saminez eta amorruz beterik, Johnek erabaki bat hartuko du eta kaleko bizitza basatian barneratuko da. Amorruak eta frustrazioak gero eta urrunago eramango dute, hutsik dagoen horma baten aurrean bakarrik geratuko den arte.

Bere gaztetako oroitzapenetatik gertu dauden gertaerak islatu ditu Mullanek filmean, nahiz eta «autobiografiatik urrun» dagoen istorio bat dela ohartarazi. Eskoziar gizartean oraindik gori dagoen gaia da gazte taldeen arteko borrokaldi eta basakeriena. Horregatik, karrikan ikusten diren eszenetatik harago joan nahi izan du zuzendariak. «Film askok gazteen kultura erarik sinpleenean erakusten dute, baina ez da hain erraza. Espetxeetan lan egin izan dut urte askotan, eta ez da zilegi bertako presoak hiltzaileak, drogazaleak edo dena delakoak direla esatea. Haiek operaz ere ulertzen dute; kultura eta heziketa oso bat dago beraien bizitzen atzean», nabarmendu zuen.

Heziketa da, bere aburuz, egoera horri irtenbidea emateko giltzarria. Baina heziketa horrek, etxean zein kalean izan behar du oinarri. «Oso zaila da gatazkatsuak diren lagunak izan eta haiek egiten dutenari uko egitea», esan zuen.

Horregatik, helduleko desberdinak dituen «kulturen koktela» da «Neds». Familia eta norberaren gizarte maila elkartu, eta sistemarekin eta Elizarekin gatazkan jarri ditu Mullanek. «Eskolan, gizon-emakumeak elkartzen dira, eta indarkeria sena sorrarazten du batuketa horrek, baina kalean heziketa paralelo bat dago, eta hori oso larria da. Kalean bakoitzak bere arau eta lagun taldea ditu, eta nerabezaroko testosterona maila gorenak kontrola ezinezkoak bihurtzen dira».

Zentzu horretan, eskoletan eskaintzen den hezkuntzak «zabalagoa» izan beharko lukeela iritzi dio eta, ekintza «okerrak» egin dituzten gazteek, «bide egokia hartu eta beren bizitza berregin beharko luketela.

Mullanek aktore eta zuzendari lanak tartekatu ditu azken urteetan; «Trainspotting», «Braveheart» eta «Harry Potter»-en film sortan aritu izan da antzezle gisa. Orain, Steven Spielbergekin film berri bat egiten ari da Britainia Handian eta, behin egitasmoa amaituta, New Orleansen kalte handiak eragin zituen «Katrina» hurakanari buruzko gidoi bat idazten hasiko dela jakinarazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo