ZINEMALDIA, kronika «izarren argia»
Fikzioa eta errealitatea batu dituen estreinaldia
Ez egin negarrik, egin behar duzuena gu ez ahaztea da», hori da «Izarren argia» filma iragartzen duen autobusak agertzen duen mezua. Hain justu, esaldi horrek laburbiltzen du pelikula hau egiteko arrazoi nagusienetako bat.
Maddalen LARRINAGA I
Zinemaldiak irauten duen bitartean, Donostian Kursaal inguruan biltzen da jende gehien. Atzo ere ez zegoen ia tokirik oinez ibiltzeko eta arratsaldeko seietan leku faltak okerrera egin zuen. Izan ere, Mikel Ruedaren «Izarren argia» pelikulako taldea Kursaaleko atarian elkartu zen, estreinaldiaren aurretik argazkilarien eta zinemazaleen aurrean. Eta horiek ikusteko, oinezko, kuxkuxero eta argazkilari andana batu zen, hesien gainetik alfonbra zapaltzera iristeraino.
Argazki, irribarre, musu eta agur artean sartu ziren zuzendaria, antzezleak eta taldeko gainerako kideak Kursaaleko kubo txikian, urduri ziren ikusleen errenkada albo batean utzita.
Hirugarren txirrina entzun ostean sartu ziren komunikabideak areto barrura. Ordurako eserleku gehienak beteta zeuden. Horien artean, Kultura sailburu Blanca Urgell, Etxepare Institutuaren zuzendari eta antzezle Aizpea Goenaga, Gipuzkoako Aldundiko Kultura diputatu Maria Jesus Aranburu, Donostiako Udaleko Kultura zinegotzi Denis Itxaso, EBko lehendakari ohi Javier Madrazo eta Fermin Muguruza abeslaria, aurten epaimahaikide dena, izan ziren.
Oholtzara lan taldeko kide gutxi batzuk igo ziren arren, txiki geratu zitzaien agertokia. Taldeaz gain, Saturrarango kartzelan preso egon eta bizirik irtendako Anita Morales ere izan zen jendaurrean.
Hitz egiten lehena Mikel Rueda zuzendaria izan zen, eta historiaren zati hori kontatzea zein beharrezkoa den nabarmendu zuen. Horren ostean, aretoan ziren epaimahai gazteko kideentzako hitzak izan zituen -horien txaloek hitz egiten utzi ziotenean-, eta bera ere orain gutxi lan horretan aritua zela esan zuen, «egunero bost pelikula ikusten», eta zinema egin nahi izanez gero, aurrera jarraitzera animatu zituen; «batzuetan ametsak egia bihurtzen dira eta».
Jarraian ikusleen txalo gehien jaso zituen aktorearen txanda etorri zen. Barbara Goenagak erabat hunkiturik hitz egin zuen. Izan ere, aretora sartu baino lehen Anita Moralesekin hizketan aritu zirela esan zuen eta orduantxe konturatu zela benetan hark bizi izan zuenaz.
Moralesek berak ere mikrofonoa hartu eta hitz batzuk esan zizkien Kursaalen elkartutakoei. Filmak ikusleari tristura eragingo diola baieztatu zuen, eta proiektu hau aurrera eramateko arrazoia hitz gutxitan laburtu zuen: «Beharrezkoa duzue ikustea, batez ere gazteek, faxismoa errepika ez dadin, ez hemen, ezta beste inon ere». Hori esan, eta aretoko jendea zutik jarri eta txalo zaparrada eskaini zion.