GARA > Idatzia > Ekonomia

Metro Bilbaon lanpostuak ez murrizteko exijitu dute

A.Z. |

Metro Bilbaoko langile batzordeak aho batez, mobilizazio egutegia adostu duela jakinarazi du, enpresako kontseilari-ordezkari berriak eta bere lan taldeak «lanpostuak murrizteko hasi duen politikari aurre egiteko». Hala, premiazko eskaria egin ostean, bihar bilduko dira enpresarekin. Aurretik, Metro Bilbaoko egoitza nagusiaren parean elkarretaratzea egingo dute eta bileraren ostean plazaratuko dute euren jarrera.

Bestalde, Euskotreneko enpresa batzorde iraunkorrak atzo prentsa ohar batean salatu zuenez, enpresako zuzendaritzaren azken hilabeteetako kudeaketak langileen lan baldintzak okertu ditu. Enpresako lan giroa «jasangaitza» dela adierazi zuen, besteak beste, zuzendaritzak lanpostuak murrizteko asmoa duelako, hainbat akordio bete ez dituelako nahiz enpresak datorren urriaren 3an amaitzen diren behin-behineko kontratuak ez berritzeko asmoa azaldu duelako.

Hala, joan den astean batzorde iraunkorrak egin zuen bileran sindikatu guztiek egoeraren irakurketa bateratua egin zutela adierazi zuten. Hain zuzen, enpresako egoera «jasangaitzaren» aurrean enpresak kudeaketa eredua aldatzen ez badu «presio neurriak» hartzea beharrezkoa izango dela adostu dute sindikatuek.

Gauzak horrela, datorren urriaren 4, 13, 18 eta 25erako, 8.00etatik 10.00etara eta 18.00etatik 20.00etara, lanuzteak deitu dituzte enpresa osoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo