Larriki zauritu da langile bat Legazpiko Baleike enpresan
A.Z.
50 urte inguruko langile bat larriki zauritu zen atzo Legazpiko Baleike enpresan, Irizar autobus ekoizlearen hornitzaile nagusienetakoan. CCOOk adierazi zuenez, autobus baten 12 metroko sabaiaren egitura erori eta azpian harrapatu zuen langilea. Traumatismoak eragin zizkion buruan, bularrean eta hanketan eta helikopteroz eraman zuten Donostiara. Sindikatuaren arabera, autobusaren sabaiaren egiturak oinarri ezegonkorra zuen -egoera txarrean zeuden asto soil batzuk- eta, baieztatu zuenez, sindikatuek behin eta berriro salatu dute asto horien egoera txarrak langileen segurtasuna arriskuan jartzen duela. Zuzendaritzak, ordea, sindikatuen kezkari ez diola kasu egin eta atzoko istripua ekidin zitekeela esan zuen CCOOk.