GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Filantropiaren porrota

Eredua bera, miserikordiaren eredua da arazoa. Garapena lortu, eragin, abiarazteko gai ez delako. Aberatsen beldurrean oinarritzen da eta «status quo»-ari eustea izaten du helburu, beti

Ez dakit behin betikoa izango den. Ezta ere iragan hamar urte hauetan egin nahi izan den horri «filantropia» (eta ez, demagun, erruki-etxea edo antzeko zerbait) deitzea askotxo ez ote den. Baina argi baino argiagoa iruditzen zait ereduaren porrota ikusten ari garela. Ez soilik egitasmo zuzen batzuen aplikazio okerra, edota konplimendu eskasa. Eta ikuspegi horretatik, Milurtekoaren Garapen Helburuen betebidea aztertzeko New Yorken bi egunez egin den antzezpen ponposoa, aspaldian ikusi dudan bilkurarik patetikoenetako bat izan da.

Are patetikoagoa Zapaterorena bezalako proposamenak aditzean. Benetan uste ote du(te), adibidez, egungo finantza sistema globalak zerga edo tasa bat onartuko duela herrialde txirotuen garapenari laguntzeko... euren/geure buruen biziraupen orekatuagoa eta ziurragoa segurtatzeko ere halako edozeri ezezko amorratua eman diotenean? Edota nondik aterako dute «gure» agintariek horrelako zerbait ezartzeko adorea, orain arte behintzat inondik erakutsi ez dutena? 

Duela hamar urte eszenatoki berberean handioski onartu ziren zortzi Helburuak (badakizu: mundu osoan gosea eta pobrezia larriena desagerraraztea, lehen hezkuntza unibertsalki gauzatzea, genero berdintasuna eta emakumeen ahalmena bultzatzea, haurtzaroko hilkortasun tasa murriztea eta abar) orduan ezarri zen eperako -2015erako- ez direla inolaz beteko berresteko ez ezik, norabide horretan eman diren urrats apalak, krisiaren aitzakian, gaur egun atzerabidean daudela nabarmentzeko bakarrik balio izan du New Yorkeko bilkurak. Eta Helburu horiekin gehien inplikatu diren gobernuz kanpoko erakundeen eta presio taldeen desesperazioa islatzeko, bai. Etsigarria, benetan. 

Gainera, ez baita behar adina balioetsi datu funtsezko bat: Milurtekoaren Helburuak betetze aldera eman diren aurrerapauso zenbagarri ia guztiak, nazioarteko laguntza mekanismo eta ereduekin zerikusi gutxi eta batere ez duten zioengatik eman direla. Txinan, Indian, Brasilen edota Asia ekialdeko zenbait herrialdetan. Halamoduzko barne garapenen emaitzen aurrean gaudela, beraz, eta ez nazioarteko «filantropia» ereduaren lorpenen aurrean. Eta ez dut uste ahalegin publiko eta pribatuen eraginkortasun ezberdinaren arazo mitikoa denik ere. Edota zer lortu dute Bill eta Melinda Gatesen milaka milioiek, argazkietatik haratago? 

Eredua bera, miserikordiaren eredua, da arazoa. Garapena lortu, eragin, abiarazteko gai ez delako. Aberatsaren beldurrean (berdintsu zaio Jainkoarenganako beldurra izan edo txiroen matxinadarekiko izua: era bertsuan funtzionatzen dute biek) oinarritzen da miserikordia. Eta status quoari eustea izaten du helburu, beti. Ez, inondik ere, txiroa «garatu» eta aberatsaren pareko bihurtzea. 

Horrexegatik ari gara, agian, New Yorkekoa bezalako oilokeria etsigarriekin kontraste bizian, hain asaldagarria gertatzen zaigun beste hori ikusten: nola txinatarrak, filantropiaren antipodetan kokatu beharreko eredu interesdun batekin, ari diren Afrika «irensten». Portua hemen, trenbidea han, meategiak bestean... eraikiz eta ustiatuz. Helburuak betetzen, alegia. Beraienak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo