GARA > Idatzia > Mundua

Ipar Koreako burua ordezkatzeko bidean, hil amaieran emango dute lehen pausoa

Irailaren hasieran azalpen ofizialik eman gabe atzeratu ostean, Ipar Koreako Langileen Alderdiak baieztatu du hil honen amaieran egingo duela Kim Jong-Ilen ondorengoa hautatzeko bidea ireki dezakeen batzarra. Alderdiak zuzendaritza berria izendatuko du.

p022_f01_104x140.jpg

GARA

Ipar Koreako Langileen Alderdiak datorren asteartean, hilak 28, hasiko du zuzendaritza berria hautatzeko batzarra. «Historikotzat» jo duten biltzarra Kim Jong-Il buruzagiaren oinordetza prestatzeko urratsa izango da, Kim Jong-Un, semerik gazteenak, aitaren kargua har dezan.

«Koreako Langileen Alderdiko zuzendaritza organo gorena izendatzeko batzarra Piongiangen egingo da, irailaren 28an», azaldu zuen herrialdeko Informazio Agentzia Zentralak.

1966tik aurrenekoz egingo da maila horretako batzarra eta, AFPk agentziak aipatutako analisten arabera, larriki gaixorik dagoen buru Kim Jong-Ilen oinordetzari bidea irekiko dio, haren ordez Jong-Un semea jartzeko.

Osasun egoera

Egungo buruzagiak 68 urte ditu eta 1994tik dago karguan. Uste denez, haren osasun egoera makalak txarrera egin zuen 2008ko udan izandako buruko isuriaren ondorioz eta horrek azkartu ditu ondorengoa izendatzeko urratsak.

Ipar Koreako adituek eta Hego Koreako hedabideek aurreikusi dutenez, aipatu batzarrean aurreneko aldiz jendaurrean agertuko da Jong-Un. Ia ezinezkoa da haren argazkirik aurkitzea eta antza, 27 urte baditu ere, ez da ziurra.

Jong-Ilen semerik gazteena haurra zenetik Suitzako ikastetxeetan hezitakoa da eta oso gutxitan izan da haren berri. Horrek espekulazio ugari eragin ditu komunikabideen artean. Esaten dutenez, Jong-Ilek Txinara eginiko bidaian semea ere izan zen, «ondorengotza prestatzeko».

«Tokyo Shimbun» egunkari japoniarrak Langileen Alderdiko agiri bat eskuratu duela ziurtatu zuen igandean, zeinean alderdikideek Jong-Uni oniritzia ematen dioten.

Testuaren arabera, Jong-Unek «hezkuntza iraultzailea eta aginterako gaitasuna jaso du gurasoengandik», iraultzarekin jarraitzeko «ezinbesteko gaitasunak».

ATZERAPENA

Hil honen hasieran egitekoa zen batzarra, baina hamarka hildako eragin zituzten uholdeak eta Jong-Ilen osasun egoera kaskarra zela-eta, atzeratu egin behar izan zuten, iturri ez ofizialen arabera. Gobernuak ez zuen azalpen ofizialik eman.

AMAIERA DATA

Datorren asteartean hasiko den batzarrean -amaiera datarik ez da eman- alderdiaren zuzendaritza berria hautatuko da itxura denez, hasierako 140 kideetako asko hilda edo kanporatuta baitaude.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo