GARA > Idatzia > Kultura

«Fahrenheit 451», «XX. mendeko distopiarik ezagunenetakoa», euskarara ekarri du Txalapartak

Bradbury-ren lan ezagunena, «Fahrenheit 451», euskaraz eman du argitara Txalapartak. Klasiko hau da, askoren ustez, «XX. mendeko distopia nagusia», Orwellen «1984» eta Huxleyen «Brave New World»-ekin batera.

p050_f01_150x105.jpg

Julene LARRAÑAGA | BILBO

50 urte baino gehiago igaro dira Ray Bradbury-k (Waukegan, Illinois, 1920) «Fahrenheit 451» liburua idatzi zuenetik. Bere garaian ezjakintasunaren eta kulturarik ezaren aldarritzat hartua izan zenak ez du, hala ere, gaurkotasunik galdu. Idazle estatubatuarraren lan hau euskaraz irakur daiteke jadanik, Txalaparta argitaletxeak Nagore Tolosa berastegiarraren itzulpen lana argitaratu baitu.

«Fahrenheit 451» etorkizun beltz baten aurrikuspena da. Liburu honetako protagonista, Guy Montag, suhiltzailea da, baina ez da suteak itzaltzeaz arduratzen. Liburuak erretzea da bere lana. Izan ere, Montag bizi den herrialdean debekatuta dago irakurtzea, irakurtzeak pentsatzea dakarrelako eta pentsatzeak zoriontasunik eza. Liburuak desagertze bidean dauden horretan, hainbat intelektualek bide berri bat erabiliko dute ezagutza gal ez dadin: liburuak buruz ikastea.

Nagore Tolosa itzultzailearen esanetan, «zentsura da liburuko gai nagusia. 50eko hamarkadako Ameriketako Estatu Batuetan, gizarteak etsai moduan ikusiko ditu liburuak. Suhiltzaileak izango dira ezagutza suntsitzeaz arduratuko direnak, agintarien arabera, ezagutza suntsitzean, herritarren arteko berdintasuna bermatzen baitzen».

Marcastismo garaian idatzia eta orduan sortu berria zen «Playboy» aldizkarian atalka argitaratua, «Fahrenheit 451», garai haren kontrako aldarria ere bada, Tolosaren ustez. «50eko hamarkadan, Bigarren Mundu Gerra bukatuta zela, itxurazko lasaitasun eta egonkortasunean bizi ziren estatubatuarrak: hegazkinez bidaiak egiten hasi ziren, telebistak indar ikaragarria zeukan euren bizitzan...». Orduan hasi zen Macartismoa, intelektualen, komunisten eta abarren aurkako zentsura» Finean, «puri-purian zegoen gizarte puritanoa» zen garai honetakoa», Tolosaren esanetan.

Historia berridazten

Atzo, Bilboko Gatazka Gunea liburu-dendan egin zuten liburuaren aurkezpenean honela mintzatu zen Edorta Jimenez idazlea: «XX. mendeko fikzio politikoaren barnean `Fahrenheit 451' ezinbesteko lana izan da, George Orwellen «1984» eta Aldous Huxleyen «Brave New World»-ekin batera. Hiru lan hauek argi erakusten dute historia berridazten ari dela etengabe; Bradburyk kontatzen duena bete egin da, izan ere, gaur egun ere suntsitzen dira desobedientziari eta eskubideei buruzko liburuak... Pentsamenduaren klasiko asko desagerraraziak izan dira historian zehar», esan zuen Jimenezek.

Jimenezen esanetan, ez dago urrutira joan beharrik liburuak erretzen ibili zireneko garaiak aurkitzeko. «Sukarrietan bertan, Uhagoneko jauregiaren parean, faxistek hainbat liburu erre zituzten. Betidanik suntsitu izan dira liburuak, baita euskal literaturako hainbat lan ere».

Mikel Soto Txalapartako editoreak adierazi zuenez, «klasikoen artean ezinbesteko lana da honakoa». Aurrez, Txalaparta argitaletxeak Orwellen «1984» eta Huxleyren lanaren euskarazko bertsioa («Bai mundu berria», Xabier Amurizak euskaratua) argitaratuak zituen, eta Sotoren esanetan, «XX. mendeko distopia ezagunenen artean geneukan hutsunea bete nahi genuen, klasikoen artean ezinbesteko liburu baita. Hala ere -gaineratu zuen Sotok-, nik uste baino jende gutxiagok ezagutzen du liburu hau, eta harrigarri da hori».

Nagore Tolosa itzultzaileak jakinarazi zuenez, lan hau euskaratzeko ez du «aparteko zailtasunik» izan. «Aspaldiko lan bat izateak eta beste hizkuntza batzuetara itzulita egoteak asko errazten dio lana itzultzaile bati. Bertsio txukuna geratu dela uste dut», gaineratu zuen Tolosak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo