GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Basilea III: funtsean ezer aldatuko ez duen aldaketa

Nazioarteko Ordainketen Bankuak oraindik orain bankuen jarduerak erregulatuko dituzten arauen gaineko akordioa iragarri du eta gobernu eta banku nagusi gehienek begi onez ikusi dute aldaketa. Gaur GARAn Isidro Esnaola ekonomialariak aldaketa hori aztertzen du, eta argia da haren ondorioa: Basilea III delakoa zertxobait aldatzea da... denak berdin jarrai dezan. Izan ere, propaganda arranditsuak funtsezko aldaketatzat aurkezten saiatuko da, baina bankuak jarduteko moduari halako mugak jartzea, eredua bera funtsean aldatu gabe, ez da oraindik gainditzeke dagoen krisian gertatutakoa saihesteko bidea. Gobernuek eta bankuek aldaketa begi onez ikusi izana, bestalde, ez da berria, ez baita berria gobernuek eta instituzio publikoek oro har finantza konpainien mendeko politikak ezartzea. Krisiaren gordina agerian geratu zenean, eredu ekonomikoaren aldaketa iragarri zuten, agindutako aldaketa horri «birfundazioa» esateraino. Finantza mundua «onbideratuta», ordea, ahaztu egin zitzaien aldaketa hura. Orain proposatutako arau aldaketak, onenean ere, neurri batean gehiegikeriak saihets litzake, baina ez azken krisian gertatutakoa. Halere, aldaketa salduko dute. Aldaketa ñimiño bat, lehengo arriskuak beren horretan uzten dituena, baina aldaketa. Eta, dirudienez, horixe da benetako helburua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo