GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Patxi Azparren Olaizola Ezker Soberanista Eraikitzen lantaldeko kidea

Plastikoa, erosketetako poltsa, auzolana eta publizitatea

Egiaz plastiko gutxiago erabili nahi badute, plastikoaren industriara jo beharko dute, elikagai aurrefabrikatuen industriatzarrera jo dezatela. Bertan aurkitzen baita arazoaren iturburua

Porlanez inguraturik, landa, baratze eta soro eremuetatik urrun bizi garenok supermerkatuetan aurkitzen dugu eguneroko jana. Hirietako azoka zaharrak eraitsi eta frankizien saltoki bihurtuta, saihesbide, autobiek, errepide-gerriko guztiek bidegurutze eta bide-korapiloetan hipermerkatuetan egiten dute topo. Erakunde publikoek kontsumo eta bizimodu eredu jakin bat bultzatzen dutela bistan da.

Halako batean, erakunde horietako bulego batetik datu batek ihes egin zien: erosketen %20-25 zaborra da, ontziak, kartoiak, plastikoa... hau da, zaborra erosi eta ordaintzen dugu. Geroztik, zaborraren pilaketa arazo larria zela aitortuz, plastikoaren erabilera murrizteko kanpaina bati ekin zioten.

Plastikoaren erabilera murrizte aldera, erosleok egin behar genuen ohitura aldaketa, etxera eramaten ditugun poltsak kutsadura arazo larriena omen ziren eta. Hedabide gehienetan eta telebista guztietan atzeko sotoan ezkutaturik ditugun zabortegien irudiak erakutsi zizkiguten. Kanpaina erraldoi bat egin zen eta supermerkatu ezagunenek plastiko poltsak ez erabiltzeko neurriak hartu zituzten. Gure etxean ere, telebistan ikusitakoarengatik, mezuek hunkiturik, konpromisoa hartu eta erosketetako karrotxo bat erosi genuen.

Asteroko erosketa egiten ari ginela, atzetik inor egon ez arren, beti presaz dabilen kutxazain batek animaturik, karrotxo berrian erositakoa arrapaladan sartzen ari ginelarik, zerbait gaizki zegoela susmatu genuen, erositako eta ordaindutako produkturen bat bertan, bigarren aldiz, ahaztuta utzi genuela ohartu baikinen.

Mindutako poltsikoak edo esnatuko gintuen akaso, eta plastikoaren aurkako kanpainan hobeto erreparatu genuen zer edo zer arraroa zegoela ikusi genuen. Honako panorama aurkitu genuen:

Kanpaina hasi zenetik, zenbait supermerkatutan kutxazainek bezeroei ez diete produktuak poltsetan sartzen laguntzen. Modu horretan lanaren zama zati berri bat bezeroari pasatu diote. Aurrefabrikatutako altzarien kate ezagun batek egin ohi duen bezala, hala gasolindegiek nola bankuek gu bere doako langileak izatea lortu zuten moduan.

Plastikoetako azpiletan bildutako produktuak gero eta ugariagoak dira, gero eta tentagarriagoak: «napolitana» gozoak, urdaiazpiko distiratsua, amuarrain garbia, haragi puska gorri-gorriak...

Etxetik karrotxoa eramanez gero, zentimo bateko saria izango dugu; ahaztuz gero, plastikoko poltsa bost zentimotan salduko digute.

Nola edo hala, eta karrotxo moñoñoa erosi bagenuen ere, plastikoaren aurkako kanpaina hasi zenetik, gure etxean plastiko gehiago pilatzen dugu. Zorionez, birziklatzeko ontzia atari ondoan dugu eta ez gara ito.

Eta hor dago koska, gure ikerketatxo domestikoaren arabera, kanpaina hau propaganda hutsa baino ez da izan. Benetan plastikoaren erabilera murrizteko beharrezkoak diren neurriak hartu ez direlako eta kontsumitzaileon errudun sentimendua erabili dutelako benetan egin beharreko aldaketa ekiditeko.

Mesedez, ez gaizki ulertu hitz hauek. Otoi, etxe guztietan eros dezagun karrotxo bat, bazter ditzagun ditxosozko poltsak. Berrerabil eta birzikla dezagun. Benetan auzolan emankorra da. Dena ezin dugu utzi erakundeen eskuetan, denok dugu ardura eta denok berreskuratu behar dugu geure denboraren eta geure bizitzaren kontrola. Baina ez diezagutela ziria sartu. Egiaz plastiko gutxiago erabili nahi badute, plastikoaren industriara jo beharko dute, supermerkatu kate erraldoi horietara jo beharko dute, elikagai aurrefabrikatuen industriatzarrera jo dezatela. Bertan aurkitzen baita arazoaren iturburua eta bertan arautu behar da plastikozko mendiak Urbasaren parera hel ez daitezen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo