GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lakuak hitza betetzea eta agindutako diru laguntza ematea espero du Seaskak

Seaskak urteetan jaso duen diru laguntza nabarmen murriztuko duela iragarri du Lakuako Gobernuak: urteko 1.100.000 eurotik 400.000ra jaitsiko da, beti ere «urte bukaeran soberakinik» geratzen bada.

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Udaberrian Lakuako ordezkariekin adostu zuten bezala, Gobernuak «emandako hitza» betetzea eta urte bukaeran diru-laguntzak eskuratzea espero dute Seaskako ordezkariek. Horrela adierazi zuen atzo Hur Gorostiaga Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioko zuzendariak.

Hezkuntza Saileko ordezkariekin ez ezik, Kultura Sailekoekin eta Lehendakaritzakoekin ere zenbait bilkura izan dituztela gaineratu zuen. «Hartu-eman horietan akordio batera heldu ginen datozen hiru urterako. Hala, urtero, 450.000 euroko diru laguntza izango genuela agindu zigun Jaurlaritzak», esan zuen zuzendariak. Laguntzak urte bukaera aldera gauzatuko zirela eta hitzarmenaren berri atzo emango zuela ere zehaztu zuten bi aldeek.

«Geldikinik balego»

Hain zuzen ere, atzo, Idoia Mendiaren ahotik jakin zen Lakuako Gobernuak 400.000 euro (eta ez 450.000, Seaskak esan bezala) emango dizkiela Ipar Euskal Herriko ikastolei, urtero, 2012 bitartean, «beti ere, geldikinak baldin badira». Aurtengo aurrekontuek ez dute jasotzen partida zehatzik Seaskarentzat, baina aipatu laguntza zuzenean emango litzateke.

Mendiak baieztatu zuen Seaskarekin izandako elkarrizketen ondorioz eta «agintari frantsesek egindako eskaerari» jarraiki, deliberatu dutela laguntza horiek ematea. Are, Seaskak orain artean Lakuatik jasotzen zuen laguntza (1.100.000 euro urtero) tarteko, ikastolak hainbat proiektu abiatuak dituela eta «Gobernuak ezin duela babesik gabe utzi» gehitu zuen.

Erabakiak Blanca Urgell Kultura sailburuaren «oniritzia» baduela eta PP gobernukidea ere «jakinaren gainean» dela eta ez duela uste arazorik izango denik iritzi zion.

Alta, berria jakin bezain laster, Iñaki Oyarzabal EAEko PPren idazkari nagusiak bere alderdiaren desadostasuna azaldu zuen, Isabel Celaa Hezkuntza sailburuari «berehala azalpenak» eskatuko dizkiola iragarriz.

«Zentzugabea»

Oyarzabalek, lehen ere laguntza horiek ematearen aurka zirela nabarmenduta, Patxi Lopezen Gobernuak «inolako zentzurik ez duten pribilegiook baztertzeko konpromisoa» hartu zuela gogorarazi zuen: «Ez du zentzurik, Frantzia hegoaldeko enpresa pribatuak laguntzea, finean soilik egitura abertzaleak osatzeko balio baitute».

PPko buruzagiak argi utzi zuen Euskal Autonomia Erkodegoko hezkuntza premiak «lehentasuna» izan behar dutela eta gobernu-ituna «gauzak aldatzeko eta ez Ibarretxeren politikak luzatzeko» adostu zutela gogorarazi zuen.

Bestalde, Juanjo Agirrezabala Eusko Alkartasunako parlamentariak «hartutako konpromisoa» bere gain hartzera eta laguntzei «iraungitze datarik» ez jartzera dei egin zion Lakuako Gobernuari.

Krisiagatik murrizketak egitea «normaltzat» jo bazuen ere, Seaskaren kasuan egindakoa «gehiegizkoa» da, Eusko Alkartasunako hautetsiaren ustez. «Euskarak ez du zertan krisia era horretan jasan», gaineratu zuen.

PROIEKTUAK

Azken urteetan Lakuatik jaso duten laguntza izaten segitzea espero zuen Seaskak. Uste horretan, zenbait ikastola eraberritzeari eta eraikuntza-proiektuei ekin die.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo