GARA > Idatzia > Kultura

«Revolución» filmak irekiko du Latinoamerika ardatz duen jaialdia

Irailaren 27tik urriaren 3ra arte Latinoamerikako kultura zabalduko da Biarrizko areto eta zinegeletan. Zinema proiekzioak, literatura topaketak, musika eta gaurkotasuneko gaiei buruzko hitzaldiak izanen dira.

p051_f01_148x88.jpg

Ainize BUTRON | Biarritz

Mexikoko hamar zinemagile «nagusienetariko» batek egina, aurten iraultzaren 200. urteurrena ospatzen dela-eta, «iraultzaren baloreak gaur egungo Mexikon zertan diren» landu nahi izan dute «Revolución» pelikulan. Filma Berlingo eta Canneseko zinema jaialdietan aurkeztu dute. «Aurtengo festibalaren egitarauan Latinoamerikako historian eta, halaber, gaurkotasunean barnatu nahi izan dugu. Latinoamerikako zazpi herrik ospatzen dituzte aurten iraultzaren berrehun urteak», goraipatu zuen jaialdiaren zuzendari Marc Bonduelek.

Irizpide horrekin bat egin nahian, aurtengo XIX.edizioa «Revolución» pelikula berezi horrekin zabaldu nahi izan dute antolatzaileek. Horrekin batera, jaialdiak lehiaketan eskainiko dituen lanen «aniztasuna» plazaratzeko Guillermo Arriaga zinemagilearen «El pozo» film laburra ere proiektatuko da ate irekitze gaualdian. Urriaren 3a bitartean, lehiaketan diren dokumentalak, film laburrak eta fikzio lanak agertuz joanen dira. Atzo, selekzioaren berri eman zuten eta, fikzioei dagokienez, «aurtengo lehiaketan nazioarteko maila handia» erakutsiko dutela goraipatu. «Iaz zinegile gazteak izan ziren nagusi lehiaketan. Aurten, aniztasun gehiago bada», nabarmendu zuten antolatzaileek.

Horrela, Carlos Dieguesen «5 x favela por nos menos», Javier Fuentes perutarraren «Contracorreinte» eta Diego Lerman argentinarraren «La Mirada invisible» azken pelikulak ikusten ahalko dira Biarritzen. Argentinako Gustavo Cova egilearen «Boogie» animazio filmaren aipamen berezia egin zuten antolatzaileek. Horiekin batera, Juan Carlos Valdiviaren «Zona sur», Sandra Werneck zinemagilearen «Sonhos Roubados», Matias Bizeren «La vida de los peces», Carlos Cesar Arbelaezen «Los colores de la montaña» eta, azkenik, Victoria Galardiren «Cerro Bayo» pelikulak lehiatuko dira urrezko Besarkada saria eskuratzeko. Dokumentalei dagokienez, hamabi sailkatu dira aurtengo selekzioan. «Oso urte ederra da dokumentalentzat. Izanen dira irudi gogorrak, baina baita gai intimistagoak ere. Latinoamerikako kulturaren ispilua emanen dute», gehitu zuten. Besteak beste, Patricio Guzman zinemagile ospetsuaren «Nostalgia de la luz», Uruguaiko Virginia Martin egilearen «Las manos en la tierra» eta, Flavia Castroren «Diário de uma busca» proiektatuko dira.

Egitarau aberatsa

Jaialdiak ondoko irailaren 27an zabalduko ditu ateak, beraz. Urriaren 3a arte, Latinoamerikako kultura aniztasunaz gozatzeko aukera emanen da bertan, zinema zein musika eta literaturaren inguruko ekitaldiak eskainiz. Lehiaketako film proiekzioetatik at, animazioak ugariak izanen dira. Iraultzen urteurrenekin batera, urrian Brasilgo hauteskundeak izango direla-eta, Lularen eragina handizki aztertuko da, eta Christian Pauvedak Maraei buruz egin lanarekin, berriz, Salvador herria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo