GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Laura MINTEGI Idazlea

Barka insistentzia

 

Barka insistentzia, baina torturatzea ez dago ondo. Ez da egin behar. Debekatuta dago legez, Nazio Batuek gaitzetsi dute eta, gainera, oso itsusia da. Desatsegina, bortitza, latza, gustu txarrekoa.

Barka berriro esan behar izatea; baina agian ez duzu jakin protokolo bat onarturik dagoela; bideokamerak ezarri behar direla galdetegietan; atxilotuak bere medikuak artatzeko eta abokatuaren laguntza jasotzeko eskubidea du. Sentitzen dut berriz ere errepikatu behar izatea, baina ahaztu egin omen zaizu, edo ez zara ohartu, edo ustekabean pasa zaizu, atxilotuek babesa eskatu eta zeuk ukatu egin diezu eta. Horrelakoren bat jazoko zen, zerorrek legea bete, eta betearazi, egin behar duzulako, ofizioz.

Barka tematia banaiz, baina torturaz ari gara, eta gaia serioa da. Torturak gizakia umiliatzea bilatzen du, jarduera basatia da, gauza bihurtu nahi du izakia. Animaliek ere ez dute torturatzen; gizakiek bakarrik topatzen baitute plazerra sufrimenduan.

Barka gogoratzen badizut politikariek ez dutela parlamentuan defendatzen atxilotuak torturatzea. Aho handiaz gaitzesten dute, nahiz eta aho txikiaz aitortu zaila dela saihestea. Baina adi egon! Onartuko dizute agintarientzat baliagarria den heinean. Komeni zaien momentuan ezabatuko dute tortura, eta zeu ere zokoratuko zaituzte torturatzaileekin batera. «Sciocco utile» diote italiarrek, «kleenex epailea», erabili eta bota daitekeena.

Barka hau guztia esatea, Fernando. Etikak kale egin badizu ere, zeure interesei begiratu behintzat, deserosoa zarenean ostikoz botatuko zaituzte eta. Laboak zioen bezala, «kateak itsusiak baitira hilotzaren gorputzetan».

 
 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo