GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ezkerreko abertzaleak batzeak duen garrantzia nabarmendu du EHAk

Euskal Herriaren Alde-k ondoko urriaren 9an eginen du biltzar nagusia Kanbon ondoko kantonamenduko hauteskundeei begira gogoeta egiteko. Ezkerreko abertzale oro deitu ditu bertan parte hartzera.

p014_f02ona.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Iazko Europako hauteskundeen karietara sortu zen Euskal Herriaren Alde plataforma, «abertzale eta ezkerreko» aukera ordezkatzeko. 2011ko martxoan kantonamenduko hauteskundeak izanen direla-eta, hitzordu horri begirako gogoeta eginen du EHAk, eta horretarako ondoko urriaren 9an, Kanbon, biltzar nagusia eginen du.

«Hauteskundeetan abertzaleen presentzia beharrezkoa ikusten genuelako sortu zen plataforma. Geroztik izan diren hauteskundeetan beti eman diogu babesa EHBai koalizioari», argitu zuen Battitta Amestoi Uztaritzeko hautetsiak. Dagoeneko, EHBai osatzen duten EAk eta Batasunak emana diote babesa koalizioari, eta ABk berriz, ondoko urriaren 23an eginen duen biltzar nagusian emanen du bere jarreraren berri.

EHAk biltzar nagusian hauteskundeei buruzko gogoeta bideratu, eta ABk EHBai koalizioan sartzea baztertuko balu zer nolako ekimena bideratu erabakiko du. Halere, plataformak EHbai koalizioari babes osoa emateko prest zegoela berretsi zuen atzo.

«Seriotasuna eta perspektiba»

«Sekulan baino baldintza hobeak dira ezker abertzalea batzeko. Erasoak handiak dira, erronkak ere handiak dira. Ezkerreko abertzaleak boz batekin hitz eginez indar bat eman eta erabakietan eragin handia izango luke. Euskal Herria Baik hori guztia baimentzen du», goraipatu zuen, bestalde, Ixabel Etxeberria Urruñako hautetsiak. Bateratzeko behar hori bi erronka nagusirekin lotu zituen EHAk: Balladur erreforma -2011n gauzatuko dena- eta ETAk berriki egindako adierazpena.

«Ipar Euskal Herriko ezkerreko abertzaletasuna indartzeko momentua da. Perspektiba, seriotasuna eta ardura erakutsi behar dugu abertzaletasunari begira. Herri honek badu proiektu bat eta hori hobetsi behar dugu», gaineratu zuen Etxeberriak hautesleek hori eskatzen dutela nabarmenduz.

Urriaren 9an, beraz, goizeko bederatzi eta erdietan eginen du biltzar nagusia EHAk, eta horren ondotik jakinaraziko du zein den bere «jarduera ofiziala».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo